Lantegiak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2016ko abe. 11a, 20:51

XV. eta XIX. mende bitartean burdinolen jarduera oso handia izan zen Euskal Herriko kantauri isurialdean, eta gure eskualdea ez zen industria horren hedapenetik kanpo geratu. Guk dakigula, Artziniegan bazen burdinola bat Barretagurenen eta, antza denez, beste bat handik hurbil, Pando mendiaren azpian luzatzen den Sandollako haran estuan, non izenak berak iradokitzen duen "ola" baten presentzia. Santa Koloman ere "las ferrerías" deritzon tokia agertzen zaigu 1487an. Eta Gordexolan zer esanik ez; asko eta oso handiak ziren ibarrean zehar kokatutako olak.

Burdinoletan inguruetako basoetako egurra baliatzen zen erregai modura, arragoak iziotu eta piztuta mantendu ahal izateko. Egurra, jakina, inguruetako mendi eta basoetatik ateratzen zen, eta gurean batez ere gurbitza (borto) eta ginarra edo isuskia (brezo) ziren iturri nagusia. Izan ere, XX. mendera bitartean, egun pinuz landatuta dauden mendi askotan gurbitz eta ginar ugari zegoen, hala nola Pando eta Billarra inguruak edo Idubaltza mendiaren Lantenoko aldea.

Hain zuzen ere egurra ateratzeko lan horien harira topatzen dugu hizkuntzarekin lotutako bitxikeria bat Iratzagorriako Largatxako burdinolako diru-kontuetan: "lantegui" hitza.

lantegui

1817ko dokumentu honetan ikusten dugu hitzak Mª Llaguno izeneko pertsona batenk Lantenon zituen lurretatik ateratako egur-sail bati egiten diola erreferentzia, eta ez lan egiteko leku bati, gaur egun pentsatuko genukeen bezala. "Lantegi" berbaren adiera hau ondo jasota dago Orotariko Euskal Hiztegian eta erabilera zabala da Euskal Herrian:

orotarikoa

Ikusten dugunez "lote de leña", "corta de árboles" eta antzeko esanahiarekin erabili izan da, Largatxako burdinolako dokumentuan bezalaxe. Erdaldundutako lekuetan ere erabilia izan da tokiko gaztelaniaz, Estellerrian adibidez. Eta orain badakigu berton ere erabilia zela, euskara galdua edo galzorian zegoen garai batean, euskararen presentzia historikoaren erakusgarri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide