Athleticen Peñista Eguna ospatuko da maiatzaren 27an

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2017ko mai. 8a, 07:16

Athletic Clubeko peñistak.

Artziniegako Peña Tiburón elkarteak Athleticeko peñen egun nagusia hartuko du maiatzaren azken zapatuan, eta asteon, antolaketari azken ukituak emanda, egingo diren jarduera eta ekitaldiak ematen ari da jakitera.

Edu Villanueva peñako presidenteak adierazi duenez, aurreikuspen oso onak dituzte. Izan ere, egun hauek nahiko jendetsuak izaten dira eta, hortaz, giro ederra espero dute herrian hilaren 27rako. Iaz, esate baterako, 700 lagun elkartu ziren Medina de Pomarren ospatu zen jai-egunean. Aurten, berriz, gehiago espero dituzte, “are gehiago goizeko poteora edo kontzertuetara etorri daitezkeenak kontuan hartuta”, presidentearen esanetan. Artziniegara etorriko diren peñak batez ere Euskal Herrikoak izango direla gaineratu du Villanuevak, gehienak Bizkaikoak, bai eta hurbileko beste leku batzuetakoak, “Kantabria eta Burgosekoak, adibidez”. Athleticeko ordezkariak eta jokalariren bat bertaratzea espero dute antolatzaileek.

Programatu diren jarduerei dagokienez, goiz-goizetik hasiko dira ekitaldiak, Ganzorrotz taldeak mendi-ibilaldia antolatu duelako Artziniegako inguruetatik; 9:00etan abiatuko da frontoitik eta 10 km inguru izango ditu. Eguerdian emango zaio, dena dela, hasiera “ofiziala” egunari, banderaren jasotzearekin eta txupinarekin. Ondoren, triki-poteoa egingo da 15:00etan bazkaria hasi bitartean. Arratsaldean, ostera, herri kirolen erakustaldia egingo du Bizindar taldeak 18:00etan eta ondoren Bihar Lehoi Izango Da eta Urteko Lehoi Emea sariak banatuko dira. Umeentzako puzgarriak eta jarduerak egongo dira goizean eta arratsaldean.

Amaitzeko, musikaz beteko da herria, The Lowe Band, Akerbeltz, The last Beer eta The Bon Scott Band taldeen eskutik. Kontzertuak frontoi ondoko plazan egingo dira 19:00etatik gauerdira arte.

Polemika Alaveseko jarraitzaileekin
Sare sozialetan Alavés taldeko zenbait jarraitzailek adierazi dute ez daudela herriaren hautaketarekin, izan ere, Artziniegan -hau da, Araban- ospatuko dute jaia Gasteizko taldeak FC Barcelonaren aurka Kopako finala jokatzen duen bitartean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide