MARIA ANGELES ARBAIZAGOITIA

«Buru osasuna trenaren azken bagoian dago, eta bada garaia hori aldatzeko»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko urr. 11a, 12:00
Maria Angeles Arbaizagoitia urduñarra. / FOKU

Duela 35 urte sortu zen Fedeafes federazioa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan buruko gaitzak zituzten pertsonen eta haien senideen elkarteak biltzeko. Maite Asensio Berriako kazetariak MARIA ANGELES ARBAIZAGOITIA (Urduña, 1947) Buru Osasuna Euskadi federazioko presidentea elkarrizketatu du.

Askotan aipatu da pandemiak kalte handia eragin duela gazteen buru osasunean. Zer ikusi duzue zuek elkarteetan?

Pandemiak azalera atera du elkarteetan aspalditik ikusten ari ginena, eta buruko gaitzak ikusgai egitera edo horien inguruan kontzientzia hartzera begira, positiboa izan da, baina agerian geratu da baliabide gehiago behar direla, inbertsio handiagoa: ez dago arreta zerbitzu nahikorik adingabeentzat. Izan ere, familiek gero eta laguntza gehiago eskatzen dute, eta eskoletan ere ez daukate erreferenterik.

Zer arazo mota atzematen ari zarete?

Gero eta kasu gehiago ditugu arazo psikotikoekin, antsietatearekin, hiperaktibitatearekin... Ikusten ari gara patologia asko azaleratzen direla alkoholaren edo beste substantzien kontsumoari lotutako arazoen bidez, eta horiek ere gero eta gazteago agertzen dira. Gainera, hezkuntza eremua oso garrantzitsua da: gauza asko gertatzen zaizkie hor umeei. Bullying-ak sekulako antsietatea eragiten die, adibidez, eta halakoei aurre egin behar zaie: eskoletan kasu horiek ondo detektatu behar dituzte.

Hain zuzen, koordinazio handiagoa eskatu duzue hezkuntza arloarekin.

Argi ikusten dugu irakasleek eta hezkuntzako langileek formakuntza behar dutela: denek ez dakite nola jardun halakoetan, eta sarri gainezka egiten dute. Baliabideetako bat izan daiteke eskoletan arduradun bat jartzea halako kasuak bideratzeko eta lantzeko.

Adingabeen arretaren arloan, zein dira gabezia nagusiak osasun eremuan?

Badaude protokoloak, baina ez dira nahikoa. Askoz handiagoa da ezkutuan den arazoa, jorratzen ari dena baino. Esate baterako, asko kostatzen da lehen arretatik psikologoaren edo psikiatraren kontsultara bideratzea, eta itxaron zerrendak luzeak dira. Argi dago profesional gehiago behar dela. Eta sare publikoan behar dira; bestela, pertsona batek presaz behar duenean laguntza, familiek eremu pribatura jotzen dute, arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko.

Denbora asko daramazue hutsune horiek salatzen. Aldaketarik izan al da azken urteetan?

Aldaketak egin dituzte, baina oso motel. Esaterako, eguneko ospitaleak sortu dira Araban eta Bizkaian, baina halakorik ez dago Gipuzkoan, eta ez dakigu toki nahikorik duten. Edonola ere, familiek argi dugu arreta baliabideak ez direla nahikoak.

Zer eskatuko zenieke gaur ekitaldira etorri diren erakundeei?

Baliabideak. Bestela, pertsonak galdu egiten zaizkigu; adibidez, patologia duala dutenek batzuetan tratamenduak uzten dituzte kontsumoen ondorioz. Hori guztia garaiz harrapatzea osasunean inbertitzea da. Horregatik behar ditugu askoz baliabide gehiago: buru osasuna trenaren azken bagoian dago, eta bada garaia hori aldatzeko.

Elkarrizketa hau Berria.eus atarian argitaratu dute, eta Creative Commons lizentziaren bidez ekarri dugu gurera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide