Gure Eskuren 10. urteurrena eta 5. elkarretaratzea Oletan

2023ko ekainaren 8an 10 urte beteko ditu GURE ESKUk. Ekainaren 25ean Gure Esku-Aiaraldeak erabakitzeko eskubidearen aldeko 5. elkarretaraztea egingo du Oletako landetan.

GURE ESKU ekimenak 2013ko ekainaren 8an egin zuen aurkezpena Irungo Ficoban (Irun). Hiru izan ziren dinamikaren sorrera gidatu zuten printzipioak: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarren garaia da.

Urtebete geroago, 150.000 pertsonek eskuak lotu zituzten 123 km-ko giza katea osatuz Durango eta Iruñearen artean. Ondoren, beste ekimen batzuk ere izan dira: 2014ko azaroan, mosaiko erraldoi bat Zurriolako hondartzan; 2015eko ekainean, ekitaldi jendetsuak egin ziren Euskal Herriko bost hiriburutan; 2017ko ekainean, Herritarren Itunaren ekimena aurkeztu zen Bilbon egindako kontzentrazio handi batean, eta 2018an horren berri eman zen Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen beste giza katean; 2022an, katalanek eta euskaldunek Pirinioetako 300 tontor argiztatu genituen... Ehunka mila herritarrek hartu dute parte GURE ESKUren ekimenetan.

Aiaraldeko eta Nerbioi Garaiko GURE ESKU-ko taldeek hasieratik hartu dute parte ekimen horietan. Eskualdearentzako berariazko ekimen bat 2017ko apirilean Saraubeko Zelaian 200 bat hautetsi eta hautetsi-ohi biltzea izan zen. Urte amaieran ere eskualdeko GURE ESKU-ko talde guztiak AIARALDEA BAT elkartean bildu ziren.

Kontzentrazioa Oletako landetan

AIARALDEA BAT-ek antolatutako lehenengo ekimenen artean, 1. elkarretaratzea 2018/04/28an Oletako zelaietan erabakitzeko eskubidearen alde egindakoa izan zen.

Lekua aukeratzea ez zen erabaki arbitrarioa, izan ere Oleta Añesko Dolmen-gune deritzon eremuan dago eta, bertan, Gorobel mendilerroaren magalean, eskualdeko giza-eraikin zaharrenak daude: Neolitoan eraikitako trikuharriak eta tumuluak, gure arbasoek egindakoak.

Denbora aurrera, bidezidorra izatetik, Sopeñako Bidea izatera igaroko zen mendilerroaren magala, eta bide horretatik aterako ziren eskualdeko herrietarako adarrak.

AIARALDEA BAT-ek argi izan du beti Oleta dela eskualde-integrazioaren erreferente, baieztapen kolektiboko gune eta jai eta alaitasunerako topagune. 2018tik hona urtero batu izan gara hemen, Covid 19k eragindako urtean izan ezean.

2023ko honetan, bultzada bat emango diogu Oletako elkarratzeari eta, horretarako, programa berezia prestatu dugu GURE ESKU-ren 10. URTEURRENA eta ERABAKITZEAREN ALDEKO 5. ELKARRETARATZEA OLETAko LANDETAN izango den ekainaren 25erako. Apirilaren 8an, Aberri Egunaren aurreko gauean, gure eskualdea goitik, mendi gainetatik, argiztatu egin genuen.

Orain, Oletako urteroko elkarretaratzea hurbiltzen ari den bitartean, eskualdeko geografia, historia eta bideak ezagutuko ditugu. Lagundu nahi diguzuen guztiok gonbidatuta zaudete programatu ditugun jardueretara.

Hurrengo ekintza datorren igandean, apirilak 16, izango da: ibilaldi gidatua eta komentatua Lekamañatik.

Gerokoak:

  • Maiatzaren 7a; LAUDIO: bisita gidatua Ermutik.

  • Ekainaren 4a; URDUÑA: Sopeñako Bidea eta Lendoñoetako landa-zubiak; ibilbide gidatua.

Eta ekainaren 25ean eskualde osoko integraziorako, baieztapen kolektiborako eta jaia eta alaitasunerako Oleta berriro izango da gure lekua.

GURE ESKU-AIARALDEA

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide