“Non kontsumitu aukeratzean eskualde eredua erabakitzen ari gara”

Aiaraldeko Enpresen Federaziotik eskualdeak hazten jarrai dezan ezinbestekotzat jo dute bertako produktu eta zerbitzuen alde apustu egitea. Zentzu horretan, nabarmendu dute komertzioek enplegu asko sortzen dutela eta herritar ugari hornitzen dituztela.

Aiaraldeko Enpresen Federaziotik eskualdeak hazten jarrai dezan ezinbestekotzat jo dute bertako produktu eta zerbitzuen alde apustu egitea. Zentzu horretan, nabarmendu dute komertzioek enplegu asko sortzen dutela eta herritar ugari hornitzen dituztela.

Inork imajina al lezake denda, taberna, jatetxe edo zerbitzu enpresarik gabeko herririk? Galdera bakarrean erantzun asko bildu ditu Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioak (AEKO). Laudioko, Amurrioko eta Artziniegako merkatari elkarteek osatzen dute federazioa, hots, APILLek, APYMCAk eta AEMEk. 

2011n erabaki zuten sortzea erakunde berria, elkarteen ekintzak koordinatu eta udalerrien arteko lotura indartzeko asmoz. Hala, eskualde izaeradun proiektuak sortzen dituzte, Aiarako komertzioak dinamizatzen laguntzeko. Esaterako, gabon garaian komertzio zein kaleek disdira berezia izan dezaten erakusleihoen lehiaketa antolatu ohi dute. 

 

Herri bizitzan eragin handia

“Non kontsumitu aukeratzen dugunean, eskualde eredua erabakitzen ari gara”, diote. AEKOren arabera, herri bizitzan eragin handia dute komertzioek: “Guk hautatzen dugu bizitzeko edo lo egiteko herriak izatea. Egunerokoan ez gara konturatzen erabaki txiki horiek duten garrantziaz eta eraginaz”. 

Zerbitzuen sektoreak osatzen du batez ere Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioa. Horien artean daude komertzioak, tabernak, jatetxeak edo zerbitzu enpresak. “Maila indibidualean negozio txikiak gara, baina denak elkartuz gero Aiarako errentaren zati handi bat osatzen dugu”. 

Ez hori bakarrik. Adierazi dutenez, tokiko establezimendu guzti horiei esker bizi dira eskualdean familia asko: “Pertsona ugarik dute enplegua horri esker. Gure eskualdeko edozein enpresa handik baino lanpostu gehiago sortzen dugu, eta bailarako bizilagun guztiei eskaintzen diegu zerbitzua”.Ildo beretik, azpimarratu dute kaleetako bizitza denentzako onuragarria dela. Izan ere, AEKOren aburuz, mugimendua egoteak “seguruagoa” bilakatzen du herria, karriketan pertsonak pilatzen baitira. 

Tokikotasuna, balio erantsi

Federazioaren iritziz, tokikotasunaren balio erantsi dira  gertutasuna eta konfidantza. “Etxetik gertu behar dugun guztia topatzeak desplazamendu handiak saihesteko aukera ematen digu. Gainera, horrela, bizi eredu jasangarriago baten alde egiten da, eta bizitza erraztu”. Hori dela-eta, herritarrei deia luzatu nahi izan diete: “Denok egin dezakegu ekarpena, puska txiki bat bada ere. Behar dugun guztia gertu izateak duen garrantziari ez diogu erreparatzen. Gauzak eskuratzeko ez dugu urrunera jo behar”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide