Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak "Euskararen etorkizuna Aiaraldean" jardunaldiak egin zituen atzo Amurrioko Refor enpresaldean. Egun osoko egitaraua prestatu zuen eskualdeko 40 elkarte baino gehiago biltzen dituen erakundeak, aretoa bete-bete egon zen, hizlariak haien egitasmoak partekatzeko irrikitan eta entzuleak esperientzietatik elikatu eta Aiaraldean euskara indartzeko prest.
Josune Irabien Amurrioko alkateak eta Joseba Perez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko zuzendariak eman zioten hasiera gogoeta saioari 9:45ean. Ekhi Zubiria Aztikerreko kideak Aiaraldeko euskararen egoera soziolinguistikoa izan zuen hizpide. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zion lekukoa "Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa" aurkeztuz. Maddi Gaiastegik UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateko erronkak plazaratu zituen, eta Iñaki Eizmendik (EBETE) euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak. Atsedenaldiaren ondotik, Maite Berriozabal Berbaroko zuzendariak hartu zuen hitza, Durango euskalduntzeko elkarteak sortutako tresnen berri emanez.
Euskara sustatzeko herri ekimenak
Euskara sustatzeko herri ekimenek ere izan zuten tartea hausnarketa jardunaldietan. Asier Lafuente Aguraingo Olbea euskara elkarteko kideak, esaterako, "Agurainen 75 ordu euskaraz" proiektuaren barne eta kanpo lana kontatu zuen. Baita sortutako baliabide eta giro euskaldunaren lekukotza utzi ere, euskara sustatzeko diskurtso eta molde berriak konpartituz. Lasarteko "Baietz 40 egun euskaraz" esperientziaz ere solastu ziren Ttakun elkarteko kideak eta Lasarteko Euskararen Maratoiaren dinamizatzaileak.
Euskararen diskurtsoa berritzeko beharra
Bazkalostean Estitxu Eizagirre Argiako zuzendaria eta Manex Agirre euskaltzale eta kulturgilea izan ziren mahai-ingurua gidatu zutenak, Igor Elortza ezin izan baitzen bertaratu. Euskararen normalizaziorako diskurtso eta praktikak zer eta nola egin izan zituzten aztergai. Jardunaldiei amaiera emateko "Aiaraldea euskaldun, nola baina?" galderari erantzuten saiatu ziren partaideak talde txikietan hausnarketa dinamikak eginez, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskararen arnasguneak areagotzeko lehentasunak, aukerak eta oztopoak zehazteko, besteak beste.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak aurreratu duenez, "Euskararen etorkizuna Aiaraldean" jardunaldiak utzitako esperientziak eta gogoetak zabaldu egingo dituzte.