Sorgin-orratzen bizitza bat

Artikulu hau Naturayala blogean argitaratua izan da. Ikusi jatorrizko bertsioa hemen. 

Anax imperator gure inguruko sorgin-orratzik ederrena da, agian… Eta hori asko esatea da, intsektuek erakusten duten ugaritasun zoragarriaren artetik, sorgin-orratz eta burruntziek osatzen dutelako, agian berriz ere, talderik ederrena. Nire begietara Anax imperator gehien edertzen duten ezaugarrien artean, ezaguterraza izatea ez da txikiena, alajaina, arraren kasuan behintzat. Tamainaz handia da, eta janzten dituen koloreak bereizgarriak dira, torax eta burua berdea izanik eta abdomena nagusiki urdina, lerro beltz batzuez zipriztindurik.

Ez da zaila izaten enperadore jauna landaretzaz ondo hornitutako putzuen inguruan patruilatzen ikustea. Hegaldi azkarra izan arren, ibilbide bera errepikatzen du maiz, atzera eta aurrera eginez. Eta tarteka gai da bere hegaldia seko geratzeko, airean geldi, helikopteroaren antzera. Ala agian helikopteroa sorgin-orratzen antzera geratzen dela esan beharko genuke? Azkenik, aipatu behar da bere hegaldi horietan arrak bere abdomen luzeari beheranzko kurba txiki bezain bereizgarria ematen diola, beste sorgin-orratzek ez bezalakoa. Behin ikusita eta identifikatuta, errez antzemango dugu urrundik bere siluetagatik, nahiz eta kolore berde urdinak ikusteko urrunegi egon. 

Anax imperator espezie arrun samarratzat hartu daiteke, agian… Ez dago arriskupean behintzat, oraingoz, nahiz eta bizi irauteko behar dituen ur putzuak gero eta urriagoak izan. Ahaztu gabe, noski, iraungitze masiboko gertakizun baten erdian gaudela, eta orohar izaki bizidun talde guztien populazioen kopurua %50 gutxitu dela azken 50 urteetan. Baina tira, putzu egokien inguruan ez da zaila izaten enperadorea hegan ikustea. Argazkietan bere hegaldia jasotzea, ordea, bestelako kontua da, gutxieneko ni bezalako sasi-zale txapuzero batentzat. Denbora luzez saiatu naiz alperrik, eta nire kontsolamendu bakarra bere hegaldia begiratze hutsak plazer estetikoa izatean datza. Bestela, hobe dut Naturayalako lagunengana jotzea (eskerrik asko, Peru).

Odonatoen ordena osatzen duten sorgin-orratz eta burruntziek bizitza ziklo liluragarri bezain interesgarria izaten dute. Urpean jaiotzen dira arrautzetatik, eta bere bizitzaren zatirik luzeena ninfa urtar bezala ematen dute. Hainbat urte eman dezakete modu honetan, sorgin-orratzen artean behintzat, putzuetako alien-itxurako harrapakaririk lazgarriena bihurturik beste ornogabe eta zapaburuentzat, arrain, hegazti eta anfibio helduen bazka bihurtzen ez badira.

Azkenean, ondo hazitako eta elikatutako ninfa urpetik aterako da eta landare baten zurtoinean gora igoko da, ziurrenik gauez, eta han bere bizkarreko azala urraturik, imagoa, intsektu heldua agertuko da. Bere gorputza eta hegoak luzatuta eta lehortuta, sorgin-orratza hegan joango da, baina hor geratuko da landaretzari itsatsita bere azal zaharra, exuvia izenekoa, izaki urtarra zeneko oroigarri bitxia.

Hego jaioberriak zabalik, sorgin-orratza zoriontsua dirudi argiz eta zeruz zipriztindutako bere habitat berrian, nire etxe ondoko putzuan. Bere iragan abisal eta hezeren oroimenik izango al ditu gogoan? Ez dut uste, dagoeneko udan gaude eta Anax imperator lanez lepo dabil: ehizatu, lurralde bat eskuratu eta defendatu, etengabe patruilatu…

Egunak mozten doazela eta eguraldia kaskartzen, udazkenean sartuta, urduritasun moduko bat antzematen diot enperadoreari jaunari. Bizitzeko aste gutxi batzuk baino ez zaizkio geratzen, eta ugaldu beharra zegok! Sasoiaren premiak! Eguzkiak berotu orduko, hor dabil berriz ere harat hona patruilatzen, tarteka bere ibilbidea abiada bizian aldatuz agertu den beste ar bat uxatzeko. Zeren Anax arraren etxea izateaz gain, putzu honek beste bi Anax ale ditu apopilo, emeak biak ala biak, orain arte oharkabean pasa zaizkidanak. Eta hegohaizeko eguardi eguzkitsu eta epelotan, Anax arra nahiz emeak sasoiko premiei erabat emanak daude.

Maitasuna baino ehiza itxura duen maniobra batez, arrak emea harrapatu du eta “tandem” osatuz elkar loturik hegan dabiltza, bihotza moduko bat osatuz. Ez da kamasutrako piura, emea ernaltzeko modurik egokiena baino, hala ere akrobatikoa eta ikusteko ederra. Geroago, zuhaitz baten adarrean, garai samar, bikotea pausatuko da eta askatuko da. Arrak bere amaigabeko patruiletan arituko da, nire kamararen objetiborako eskuraezin…

Eta emeak arrautzak jartzeri ekingo dio, lan nekeza eta arriskutsua, horretarako putzu inguruko landaredi, lokatz, harri eta zirrikituetan pausatuz eta bere abdomen luzea makurtuz eta mugituz. Emeak ere janzkera ederra erakusten du, erabat berdea, abdomen gaineko marra beltza kenduta. Erruteko premiari erabat emana, ez dit kasurik egiten, eta hala metro pare batera etzan naiteke bere ondoan, argazkietan hartzeko. Azkenean… Gero sorpresa iritsiko da. Argazkiak begiratzean, beste espezie baten emearen aurrean nagoela ikusiko dut: Aeshna cyanea. Aurrerago, arra ere ikusteko aukera izango dut, putzutik urrunago hegan, sasien inguruan patrulatzen.

Bitartean, Anaxarraren hegaldiak hor dirau, nire saiakerez ezaxolati, nire kameraren automatismoek eta nire erreflexuek sekula jarraitu ahal izango ez duten abiadan. Tarteka nire aurrean geratu egiten da, airean geldi, inondik ere burlati… Nola haserretu ordea naturaren halako edertasun ea abileziaren erakusketaren aurrean.

Betoz neguko hotz eta euriak! Etxe ondoko putzuan, hurrengo sorgin-orratz belaunaldiaren hazia erein da. 

Oharra: sarrera honetan agertzen diren hainbat irudi, non sorgin-orratzak harrapatuak edo manipulatuak izaten agertzen diren, 2011 urtean ANI/IAN Arabar Natur Institutoak antolatutako Odonatuei buruzko ikastaro batean atereak izan ziren. Zalantzan egon naiz irudi hauek sartu ala ez, azkenean baiezkotan jarri naiz sorgin-orratz espezie gehiagoren xarma kromatikoa ezagutarazteko. Sorgin-orratzak, beste edozein izaki biziduna bezala, bakarrik adituen manipulazioak jaso beharko lituzkete, ikerketarako edo dibulgaziorako beharrezkoa denean, ikastaro horretan Jose A. Gainzarainek ederki egin zuen bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide