IRITZIA

2100 urteko zaplastekoa

Irulegiko eskua. / Wikipedia

Non eta Irulegin!

Gaur egun indarrean diren foru legeek euskalduntasuna ia erabat ukatua duten eremuan, hor ediren bide dute gure arbasoek utzitako altxorra; altxor linguistikoa, hain zuzen.

Ikerketa zientifiko orok, garai batean, halabeharrez Biblian izan behar zuten jatorria. Hizkuntzalaritzak, jakina, ildo beretik joan behar zuen letra Saindutik bat ere aldendu gabe.

Gauzak  honela, eta munduan ziren hizkuntza guztien sorburua Babelen zelarik, hizkuntzalarien galdera hauxe zen: zein zen Babelgo gertaera baino lehen munduan zen hizkuntza? Bilaketa horrek bere biziko garrantzia izan zuen, zeren esandako horren ondorioz eta sinesmen horri so eginez, hizkuntza hori Jainkoak berak Adani paradisuan bertan emaniko hizkuntza izan beharko baitzen. Garai batean, beraz, hizkuntza adamiko horren bilatzeak eman zizkien buru-hausteak ikerlari guztiei.

Euskarak Europa osoko hizkuntzalarien arreta erakarri izan du aspaldidanik eta bere jatorriaren misterioak bultzatuta edo, asko izan ziren euskara bera hizkuntza adamikoa izan zela demostratzeko egindako “ikerketa” lanak. Oso lan mardulak askotan.

Euskararen jatorriari buruzko lehen lan hauetan oinarrituta teoria mitikoa sortu zen, zeinak azaldu nahi baitzuen, nola heldu zen paradisuko hizkuntza gure gaur egungo Euskal Herri kutun honetara.

Gainerako zientziek bezala elizaren sineskeriak eta oztopoak gaindituta, hizkuntzalaritzak orokorrean eta euskararen jatorriari buruzko ikerketek izaera zientifikoa hartu zuten. Arrazoi zientifikoak fedearenei gainjarri zitzaizkienean, galdera bestelakoa izan zen. Ikerketa giro berri honetan, nagusiki, “Nondik dator euskara?” galderari erantzun nahi izan bide diote ikerlariek. Oraingoan, beraz, zein ahaidetasun duen euskarak beste hizkuntzekin argitu nahi izan da eta ildo honetan hiru teoria nagusi izan da. Batetik, euskara Kaukasoko zenbait hizkuntzarekiko pareka litekeela dioen teoria dugu (Christianus Cornelius Uhlenbeck, Mathieu René Lafon). Bigarrenak, aldiz, Afrika iparraldeko hizkuntza kamito-semitikoekiko lotura duela defendatzen du (Antonio Tovar). Azkenik eta agian ezagunena euskal iberismoaren teoria dugu. Azken teoria honen arabera iberiar penintsula osoan iberiera hitz egiten zen hizkuntza bakarra zen eta euskara hortik eratorritakoa litzateke (Hugo Schuchardt).

Teoria “klasiko” hauen ondoan izan ditugu eta baditugu bestelako hipotesiak. Horien artean Joxemiel Barandiarena dugu. Barandiaranen ustetan, euskara ez da beste inondik etorririko hizkuntza; berton sorturiko hizkuntza baizik. Bestela esanda, Pirinioen alde biotan sorturiko hizkuntza litzateke euskara honen aburuz.

Irulegiko eskua hipotesi honekin bat datorrela dirudi eta norabide honetara seinalatzen digula ematen du.

Jatorriaren aferaz aparte, esku honek irmoki bultza egin, eta egiatzat hartzen genituen mugarri batzuk bota ditu lipar batean:

Euskalduna herri agrafoa izan da beti, eta eskua euskaraz idatzirik dugu.
Euskalduna kultura bako herria izan da, eta eskuak aurkakoa diosku.
Euskalduna herri basatia eta zibilizatu gabea, eta eskua agertu den gunean antolakuntza zibiko edo hiritarra bazela ageri da.
Euskalduna herri gisa antolatu gabea izan da, eta Irulegiko aztarnategian elkarren arteko autodefentsarako prestatuak zirela ikasi dugu.
Euskalduna herri isolatua izan da, eta eskuaren grafiak herri iberiarrekin nolabaiteko kontaktua izan duela erakutsi digu antzeko grafia erabiltzen baitzuten.
…eta…eta…eta…

Euskararen eta euskaldunon jatorria ezagutzetik urrun gaude oraindik. Baina bada garaia agian, hipotesi berriak planteatzeko teoria berriak sor daitezen eta datu historikoetan oinarriturik, askotan asmo gaiztoko interes politikoetan oinarrituriko sasi-ikerketak baztertzeko eta gure geure historia ganoraz berridazten hasteko.

Hala bedi!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide