IRITZIA

Google

Irudia: Argia.eus

Ez dakit zenbateraino ohartzen garen teknologia enpresa erraldoiei oparitzen dizkiegun datuez eta gure bizimodua baldintzatzeraino eragiten diguten menpekotasunei buruz. Beno, dagoeneko ez soilik geureak, geure seme-alabenak ere bai. Izan ere, eskoletaraino sartu dira eta oso txikitatik lotzen ditugu erraldoi hauen menpeko, email bat sortzetik hasi eta ikasle bakoitzari esleitzen zaion ordenagailu eramangarriraino.

Zerbitzu guztiak Estatu Batuen bueltan pasatzen dira, gure emailak irakurtzen dizkigute, baita ikasleen daturik intimoenak lortu ere: notak, ikasketen eboluzioa, jarrera oharrak, eskolako gertakariak, nola nabigatzen duten, zer interesatzen zaien eta abar. Produktu horiek erabiltzera trebatzen ditugu konturatu gabe, haiekiko dependentzia erabatekora eramanez eta konpetentzia teknologikoen garapena ikaragarri kamustuz. Batzuk diote gaur egungo haurrak natibo digitalak direla; baina, hobe esanda, gatibu digitalak dira. Batez ere Googleren gatibuak. Bere zerbitzuetaz aparteko alternatibak erabili eta ulertzea zail egiten zaienak. Baten batek esango dit "bai, baina dena eginda, oso erraz jartzen digu Chromebookak eta zer arraio, nik eta nire seme-alabek ez dugu ezer ezkutatzeko".

Bada, gure haurren informazioa enpresa pribatuei ematea debekatuta egon beharko litzateke. Zuk emango al zenidake zure seme-alabek eskolan beste ikasleren batekin izandako liskarraren berri? Zergatik atera duen gutxiegi matematiketan? Kurtso erdian izandako gorabeherak? Horri buelta emateko, hezkuntzaren digitalizazioan gehiago inbertitu beharko litzateke, baita pertsonetan eta formakuntzan ere. Ziurrenik gaur egun eskola bakoitzean, IKT aditu bat edukitzeak derrigorrezkoa behar luke bestelako alternatibak erabiltzeko. 

Zeren, zure haurraren inguruko kontuak niri ez zaizkidala axola erantzungo zenidake. Bada, Googleri ere ez zaizkio axola eta dagoeneko badakizki, Eusko Jaurlaritzaren babes osoarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide