Abenduan amaitu zen euren baitan hezkuntza zentroak dituzten udal-eraikinetan obrak egiteko Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzetara aurkezteko epea. 96.000 euroko diru-laguntza eskatu du Laudioko Udalak deialdi horretan, honako hiru ikastetxe hauetan obrak egiteko:
Aretako Eskolan: Kanpoko berogailu zirkuitua lurperatzeko diru-laguntza eskatu du Udalak. Obrak 18.000 euroko kostua izango luke.
Latiorroko Eskolan: Bi obra planteatu ditu Udalak. Alde batetik, suteen aurkako azpiegituren berriztatzea egongo litzateke. Amets Meaza zinegotziak azaldu du obra hori “nahitaez” egin beharrekoa dela, hala agintzen baitu araudiak. Guztira 21.500 euro beharko dira berriztatze hori egiteko.
Latiorroko Eskolako beste obra haur-hezkuntzako eraikineko sabaian egingo litzateke, hezeguneak ekiditeari begira, 48.500 euroko aurrekontuarekin.
Helduentzako Hezkuntza Iraunkorraren Zentroan: Kanpoko egitura guztia aldatzea planteatzen da, 70.350 euroko inbertsioa eginaz.
Obra horiek guztiak egiteko 160.000 euro baliatuko lirateke. Eusko Jaurlaritzak % 60a finantzatuko luke (aipatutako 96.000 euroak), diru-laguntza esleitzea erabakiz gero betiere. Kasu horretan, Udalak beste 64.000 euroak jarri beharko lituzke.
Meazak azpimarratu du horiek ez direla izango herriko ikastetxeetan aurten egingo dituzten obra bakarrak. Lamuzako Eskolan, adibidez, eraikinaren azpiko harresiaren hobekuntzan ere ari dira lan egiten, zeinetan 25.000 euro inbertitzea aurreikusi duten. Hortaz gain, zinegotziak ez du baztertu 2016an beste obra txiki batzuk ere aurrera eramatea.
Iaz, 108.000 euroko inbertsioa
Meazak jakinarazi du 2015ean hiru obra egin zirela Eusko Jaurlaritzaren laguntza baliatuta.
Aretako Eskola publikoan izan zen bata. Aldagelak eta gimnasioko biltegia berritu egin ziren, eta 75.000 euro baliatu ziren horretarako.
Bigarrena Latiorroko hezkuntza zentroan egin zen: jangelen argiztatzea eta moldaketa akustikoa, otorduetan jangelan sortzen ziren oihartzun ozenak apur bat leuntzeko asmoarekin. 15.750 euro baliatu ziren horretarako.
Helduentzako Hezkuntza Iraunkorraren Zentroko paretak ere margotu ziren, 18.000 euroko inbertsioa eginaz. Lamuza Ikastetxerako laguntza ere eskatu zen, atari automatikoak jartzeko, baina azkenean Eusko Jaurlaritzak ez zuen horretarako dirudik eman. Hala ere, Meazak adierazi du badutela obra hori datozen hilabeteetan egiteko asmoa.
108.000 euro erabili ziren aipatutako obra horiek guztiak egiteko. Arestian aipatu bezala, Jaurlaritzak % 60a finantzatu zuen (64.800 euro) eta Udalak gainontzeko % 40a (43.200 euro).