Adikzioen Prebentzio Komunitariorako Udal Zerbitzuak urtarrilaren 18an eta 25ean heziketa osasungarriaren inguruko topaketekin jarraituko du. Hala, lehenengoa Lehen Hezkuntzako familiei zuzendua egongo da eta bigarrena, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako seme-alabak dituzten sendiei. Bi tailerrak udaletxeko erabilera anitzeko aretoan egingo dira, 15:05etik16:20era.
Iazko urritik abendura Laudioko ikastetxe ezberdinetako gurasoekin heziketa osasungarriaren inguruko hainbat topaketa egin ziren. Hala, hezkuntzako etapa ezberdinetako familiek formakuntza eskaintza ezberdinak jaso eta landu zituzten: heziketa osasungarria, esperientzien trukaketa, prebentzioa positiboki nola landu, autozainketa, emozioen kudeaketa edo ongizate fisiko eta psikologikoa, besteak beste. Azken hauek haurtzaro eta gaztaroan zoriontsuak izateko ezinbesteko alderdiak dira eta ikastaro hauen helburua alde hauek indartzea da.