“Funtzionarioek gozokiak ematea edota katxeatzea bizi izan dugu”

Erredakzioa 2017ko urt. 13a, 00:21
Txikitatik ezagutu dute dispertsio politika Ainhoa Ayesta Fernandez eta Uztai Largatza Ramilak. Argazkia: aiaraldea.eus

Txikitatik ezagutu dute UZTAI LARGATXA RAMILA eta AINHOA AYESTA FERNANDEZ (Laudio, 1993) gazteek dispertsioa zer den. Ainhoaren osaba kartzelan egon da Ainhoak 20 urte bete arte. Uztai, aldiz, Pili Arzuagaren biloba da (dispertsioak eraildako lehen pertsona, Fontso Isasirekin batera) eta aita kartzelan ezagutu du jaio zenetik sei urte izan arte.

Biek hartuko dute parte gaur (urtarrilak 13) Laudioko Lanbide Heziketa Ikastetxean egingo den mahai-inguruan, eta bihar Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.

Senideak bisitatzeko kilometro andana egitea egokitu zaizue biei haurtzaroan. Nola oroitzen dituzue garai horiek?

Ayesta: Nik haurtzaroan bizitakoa ez dut ondo gogoratzen. Gogoratzen duzu bidaia batzuk egiten zenituela, baina ez nuen bidaia horien zergatia ulertzen. Nire kasuan, banekien osaba kartzelan zegoela, baina ez nekien ezer Euskal Herriko egoerari buruz. Joaten nintzen, bisita egiten nuen, baina ez nuen ezer ulertzen.

 

Largatxa: Nik bai, gauza asko oroitzen ditut. Baina egia da Ainhoak dioena: hasieran ez duzu ezer ulertzen. Nik banekien aita “Madrilgo gizonek” Santoñan zutela, hori zen nire etxeko “bertsioa ofiziala”. Oroitzen dut nik egoera gazi-gozotzat nuela hura. Bizi izan ditut mareoak, nekeak, gehiago buelta nahi ez izana... baina, beste aldetik, badu alde gozoa, umea zaren aldetik zure nahia disfrutatzea delako: aitarekin, familiarekin, lagunekin... nire lagunak ere etorri izan dira nirekin aita bisitatzera, sekulako espedizioa zen hura.

 

“'Madrilgo gizonek' aita Santoñan zutela, hori zen nire etxeko 'bertsio ofiziala'”

 

Bost urterekin zaila da lagunei eta klaseko kideei aita edo osaba bisitatzera joan behar duzula azaltzea?

Ayesta: Oso ezberdinak dira nire eta Uztairen kasuak. Ez da gauza bera kartzelan duzuna aita edo osaba izatea. Ni urtean sei aldiz joan ohi nintzen osaba bisitatzera. Niretzat, zentzu horretan, ez zen zaila izan klasekideei azaltzea. Lagunek ulertzen zuten nire osaba kartzelan zegoela.

 

Largatxa: Zuk ulertzen duzunaren berdina ulertzen dute klasekideek: aita ez dagoela etxean, eta horregatik zu bera bisitatzera joaten zarela.

 

Nagusitzen joan ahala gauza gehiago ulertuko zenituzten.

Largatxa: Bai, urteak betetzen zoazen heinean ulertzen zoaz kontuak nolakoak diren. Amak ez duela gidatzen, senide bat arduratzen dela horretaz, batzuetan bertan lo egitera geratzen zarela... baina umea zara, eta ibilaldi baten modukoa da zuretzat. Nagusitzen joan ahala ulertzen duzu diru eta denbora gastua suposatzen duela horrek guzti horrek, bai zuretzat eta baita eraman zaituen pertsonarentzat.

 

Nagusitzen zoazen heinean bazoaz ulertzen dispertsioak diru eta denbora gastua suposatzen duela”

 

Ayesta: Urteak betetzen zoazen heinean bazoaz egoera ulertzen. Kapaz zara ulertzeko zergatik duzun osaba kartzelan... niri adibidez egokitu izan zait, behin nagusia izanda, haurtzaroko ez-jakintasun hori nire neba txikian ikustea. Berak ezer ulertzen ez duela ikusten duzu, eta zaila dela egoera zein den azaltzea, zaila dela esplikatzea zergatik egin behar dituzun bidai horiek guztiak, zergatik altxatu behar zaren igande batean goizeko bostetan... dispertsioaren ondorio guztiak azaltzea, funtsean. Baina bazoaz apurka-apurka ulertzen, milaka familiek bizi duten egoera baita.

 

Largatxa: Ezberdina da Ainhoa eta bion egoera. Nik txikitan oroitzen dut funtzionarioek gozokiak ematen zizkidatela, Ainhoak katxeoak bizi izan ditu.

 

Gauza askori egin behar izan diozue uko senideak bisitatzera joateagatik?

Largatxa: Nik gerora jakin izan dut nire egoera nahiko erraza izan dela. Nire aita ez zegoen bereziki urrun ere ez. Ez zegoen hemen, baina ez zegoen ezta berak zapaldu duen presondegirik urrunenenean.

 

Ayesta: Neguan guk galdu izan ditugu bisitak, garaiz iristerik izan ez dugulako. Garai batean hamar laguneko zerrenda zegoen sei hilabeteko. Hori dela eta, osabak urtean hogei lagun baino ezin zituen ikusi.

 

Katxeoak ere ezagutu ditugu. Oroitzen dut vis a vis bat egiteari uko egin geniola ezartzen zituzten katxeoengatik, baina gero hurrengoetan asimilatu behar izan genuen.

 

Beste mila arazo ere ezagutu izan ditugu. Bisita egiten genuen, baina tratua ez zen egokia, joateko berrehun eta piko kilometro egitea eta itzultzeko beste horrenbeste... bizitza jartzen duzu arriskuan. Sufrimendu psikologiko zein fisikoa dakar dispertsioak. Azken urteetan, gainera, nire amonak ezin izan zuen semea bisitatu, ezin zuelako bidaia egin.

 

Oroitzen dut vis a vis bat egiteari uko egin geniola ezartzen zituzten katxeoengatik, baina gero hurrengoetan asimilatu behar izan genuen”

 

Senideek askotan aipatu dute “estatuaren mendeku politikaren” barruan kokatu behar dela dispertsioa. Zer protagonismo dute haurrek “mendeku politika” horretan?

Largatxa: Ez dut uste haurrengan markaketa bereziturik egiten denik. Euskal jendartearen zati konprometitua hartzen du estatuak bere politikaren xedetzat, orokorrean, bertan dagoena dagoela. Nire amamak ere ezin izan zuen azken urteetan aita bisitatu, eta hori “hurbil” zegoela. Hori sekulako tortura da, umearentzat aita edo ama etxean ez izatea tortura den bezalaxe. Ez dago helburu bereziturik, kolektiboa hartzen da orokorrean.

 

 

Ayesta: Mendeku kolektiboa da, preso baten senide eta lagun guztiei berdin eragiten diena. Baina umeen kasuan lehen aipatu duguna gertatzen da: haurrek ezberdin bizitzen dute estatuaren mendeku hori, egoera ez dutelako ondo barneratuta. Ume batek ez du ulertzen zergatik ez duen aita ondoan, heldu batek, aldiz, badakizki horren zergatiak.

 

Haurrek ezberdin bizitzen dute estatuaren mendeku hori, egoera ez dutelako ondo barneratuta”

 

Largatxa: “Dardoa” bera da guztientzat, baina ez du min bera emango heldu bati edo ume bati jota.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide