Laudio Ikastolak aurreratu du astebetez urtarrilaren 28rako iragarrita zuen eskola jazarpenaren aurkako KiVa programaren aurkezpen hitzaldia, urtarrilaren 21era, hizlariaren agenda arazoak direla medio. Hitzordua Laudioko Kultura Etxeko Lamuza gelan, larunbatean, hilak 21, 11:00etan izango da.
Ikastolen Elkarteko KiVa programaren koordinatzailea da Ageda Laraudogoitia, eta programaren garapenerako prestakuntza Finlandian jaso du. Berez, Laudio Ikastolan dagoeneko abian den ekimen honen berri ematen arituko da.
52 ikastoletan aplikatuko da
KiVa ikerketan oinarritutako eskola jazarpenaren aurkako programa da, Finlandiako Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatua, Finlandiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren finantzaketaz.
KiVa-ren eraginkortasuna frogatuta geratu da eskala handiko ausazko proba kontrolatuan. Finlandian, KiVa oso programa estimatua da: Lehen Hezkuntza eskaintzen duten ikastetxe publikoen % 90 KiVan erregistratuta daude eta programa ezartzen ari dira.
Euskal Herriko 52 ikastola KiVa programa abiatzen ari dira 2016-2017 ikasturtean, Lehen Hezkuntzan.