"Umeak susmopean egon dira historikoki, ez zirelako euren legeak ezagutzen"

Erredakzioa 2017ko urt. 18a, 14:52
Astelehenean eskaini zuen Rafael Cristobal Baldorrek hitzaldia Laudion. Argazkia: aiaraldea.eus

RAFAEL CRISTOBAL BALDOR (Bilbo, 1938) psikiatra da, eta “konfiantzaren pedagogiaaren” bultzatzaile nagusietako bat da. Astelehenean hitzaldia eskaini zuen Laudioko Kultur Etxean, Laudio Ikastolak gonbidatuta.

“Konfiantzaren pedagogia” aurkeztera etorri zara Laudiora. Zertan datza pedagogia mota hori?
Konfiantzaren pedagogia aurkikuntza bat izan da, zientzietan oinarrituta eginikoa. Pedagogia demokratiko bat, ez litzatekeena norbanako baten gustu eta iritzietan oinarrituko,  baizik eta zientzietan.

Zientzietara jotzean konturatu nintzen umeengan konfiantza izan daitekeela, arroz edo artoan konfiantza izan daitekeen neurri berean. Baina horretarako beharrezkoa da umearen legeak ondo ezagutzea. Umearekiko konfiantza izan dezakezu baldin eta bere garapenaren legeak aplikatzen badituzu. Giza-umeak badu konplexutasuna, animalien munduko beste edozein izaki bizidunek izan dezakeen konplexutasuna baino handiagoa. Baina bere legeak hobeto ezagutzera bultzatu behar gaitu konplexutasun horrek.

 

"Pedagogia demokratiko bat da konfiantzarena, zientzietan oinarritutakoa"



Joera handia egon da umeen garapenaren bilakaera genetikari egoztekoa. Baina ume bat bere nerbio sistema garatua izanda jaiotzen bada, hazkuntzan dago gakoa. Ume bakoitzak tenperamentu ezberdin bat dauka: gehiago edo gutxiago hazten da, ilearen kolore ezberdina izan dezake. Baina baditu lege batzuk, beste edozein izaki bizidun bezala.

Umeei buruzko zientziak asko garatu dira XX. mendearen bigarren erdialdetik hona, aurretik inoiz ez bezala. Gaur egun baditugu pedagogia bat oinarritzeko haina ezagutza.

Haurrek badute orduan berezko sen bat?
Noski. Konfiantzaren pedagogia umeen senak hartzen ditu kontuan, haurrek egiten dituzten seinaleak interpretatuaz. Modu horretan, guraso zein hezitzaileei ahalbidetzen die umea zientifikoki ezagutzea, egiten dituen seinaleak interpretatu eta egoki erantzunez.

Izaki bizidun guztiek egiten dituzte seinaleak. Landare bat zimurtuta badago zerbait falta zaionaren seinalea da. Umeak ere negar, irribarre edota antzeko seinaleek bidez adierazten digute zer egin behar dugun. Umean konfiantza izan dezakegu, bere legeak ezagutzen baditugu.

 

"Gizakiak oso heldugabe jaiotzen dira primateekin alderatuta"



Gizakia oso heldugabe jaiotzen da, gurekiko hurbilen dauden izakiekin (primateekin) alderatuta. Orangutanak, adibidez, askoz helduago jaiotzen dira, hori esateak eztabaida piztu dezakeen arren. Hauek ere oso heldugabe jaiotzen dira beste primate batzuekin alderatuz gero, baina ez gizakiek haina. Gizaki batek 4-5 hilabete behar ditu txinpantze batek jaiotzetik dituen gaitasunak garatzeko. Potentzialtasun asko izatea dakar horrek, eta hazkuntzaren arabera garatuko dira gaitasun horiek ondo edo txarto.

Umeak susmopean egon dira historikoki, ez zirelako euren legeak ezagutzen. Horregatik esaten zen esaldi hau: “La letra con sangre entra”. Hori ez da horrela, letra gustuaren bidez sartzen da. Haurrak badu ikasteko gogoa, baina bere erritmora egokitu behar zara. Askotan esaten da baita haurra besoetan hartzen baduzu mimatu bat bilakatu dela, baina ez da hala. Zientziak dio umeek ezin dutela euren burua erregulatu. Gurekin harremanetan egon behar dute, eta zuk ez badiozu jaramon egiten negar egiten ari denean izorratu egingo da. Zientziak bide seguru bat ematen digu nola jokatu jakiteko. Psikologiaren ingeniaritza da pedagogia.

 

"Haurrak badu ikasteko gogoa, baina bere erritmora egokitu behar zara"


Gaur egun bizi ditugun garaietan guraso eta hezitzaileek askotan ez dakite nola jokatu behar duten, milaka teoria daudelako. Umeei asko laguntzen die guraso eta irakasle seguruak izatea. Ez dogmatikoak, ematen dituzten pausoez ziur daudenak baizik. Modu horretan, elkarrekiko konfiantza bat garatzen da haurraren eta hezitzailearen artean.

Posiblea da horrelako pedagogia bat aplikatzea gaur egungo hezkuntza sisteman? Zer paper jokatu beharko lukete hezitzaile eta gurasoek?
Bateratu egin beharko lirateke familia eta eskola. Hori azpimarratu nahiko nuke. Oso garrantzitsua da umea irakasleekin etxekotzea. Umearen izeko-osabak bihurtu behar dira hezitzaileak. Etxearen luzapen bat bihurtu behar da eskola. Modu horretan haurrak ez du negar egingo gurasoengatik banatzen denean, eskolan ere senideekin egongo delako.

Astakeria bat da gurasoak gatazkan egotea irakasleekin. Gurasoak eta eskola ezin dira kontrajarriak izan. Psikologian formatu behar dira horretarako, umeak egoki interpretatu ahal izateko. Laudio Ikastolan hori egiten ari dira, adibidez. Ni hilabetean behin nator, prozesuan laguntzera. Familia mintegiak ere antolatzen dira, zeintzuetara ez dauden soilik gurasoak gonbidatuta. Garrantzitsua da baita aitona-amonak gerturatzea, horiek direlako denbora gehien dutenak eta eurak direlako sarritan umeak eskolara ekarri eta eskolatik eramaten dituztenak.

 

"Eskola eta familia bateratu beharko lirateke. Oso garrantzitsua da haurrak irakasleekin etxekotzea"



Hala ere, familia guztiek gerturatzerik ez daukatenez, artikulu pedagogiko bat idazten dut hilero, familia guztiei igortzen zaiena. 16 ikastola daude proiektu hau garatzen, eta oso gustura. Umeen seinaleak oso argi eta logikoak dira. Horregatik harrera ona izan du pedagogia honek.

Haurren seinale horietako bat azaltzerik izango zenuke?
Liburuak idatzi ditut horren inguruan, hezitzaileei zuzenduagoak agian gurasoei baino. Baina gauza oso sinple batekin hasiko gara: umeak negar egiten duenean. Umeak negar egiten badu, zerbait gertatzen denaren seinale da. Irribarre egiten badu, aldiz, zerbait ondo doala esan nahi du. Bazegoen esaera bat zioena maite zintuenak negar arazi egingo zizula. Hori gezurra da. Negar arazi egiten badizut mina egiten ari natzaizu. Akats bat da.

Umeek bi gauzengatik egiten dute negar, funtsean: mina dutelako edo kontaktua nahi dutelako. Azken kasu horretan, komenigarria da haurra besoetan hartzea, modu horretan konfiantza bat garatuko duelako senideekiko. Gero gurasoek konfiantza hori transmitutuko diete eskolako irakasleei.

 

"Uste oker bat da haurrak mimatzeko arriskua dagoelarena"



Ez dago, beraz, haurra mimatzeko arriskurik?
Ez, uste oker handi bat da hori. Esaten da baita haurrei ezin zaiela eskatzen duten hori eman, horrela apetatsuak bihurtzen direlako, eta hori ere ez da egia. Askotan esaten da haurrak bihurriak direla, baina esploratzaileak dira. Bost urtetik haurrerako haurrek euren ingurua ezagutu nahi dute, eta etxeak zein eskolak moldatu beharko lirateke jakin min hori asetzen laguntzeko.

Jaio eta bost hilabetera hasten da umea eginez ikastera. Gauzak egiten ikasten du, eta ikasten egiten ditu gauzak. Bizitzako lehen hilabeteetan garatzen dira haurrarengan giza sen gehienak. Lehen hiru urtetan senak eta emozioak garatzen dira, eta laugarren urtetik aurrera garatzen da ikasteko nahia. Haurren gosea piztu behar da, baina ez zaie ezer eman behar gosea piztua ez duten arte. Euren erritmoa errespetatu behar da. Haurrek baino pauso bat atzerago joan behar gara.

 

"Garrantzitsua da irakasleek ikasgaia emozioen bidez transmititzea"



Garrantzitsua da baita irakasleak ikasgaia emozioen bidez transmititzea. Guraso eta irakasleen begien bidez ikusten dute haurrek, ez esaten dutenagatik, sentitzen dutenagatik baizik. Haurrek gurekin duten harremana ona bada, guk gogoko dutena izango dute gogoko.

Adibide bat jartzearren: gurasoek norbait errespetu handiz tratatzen badute, haurrak pentsatuko du pertsona hori garrantzitsua dela. Ez esan diotelako, ikusi egin duelako baizik. Gurasoek garrantzia ematen badiote trafiko arauei, haurrek garrantzitsuak direla ikusiko dute. Era berean, ume bat zientzien zale bihurtu dadin irakasleari biziki gustatu behar zaizkio zientziak.

Hori dela eta, beharrezkoa da helduok aldatzea, baldin eta pedagogia aldatu nahi badugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide