Gobernu taldeak jakinarazi du otsaileko udalbatzan eztabaidatuko dutela udal langileen hitzarmen berria. Berez, EH Bilduren taldeak adostasuna erdietsi du sindikatuekin. 17 bilera behar izan dituzte horretarako.
Prestatutako hitzarmena 2015ean sartuko litzateke indarrean 2019an iraungitzeko, izan ere, 6 urte eman dute langileek hitzarmenik gabe.
Soldataren %6ko igoera
Jon Ander Altube alkateordeak adierazi du soldataren aldetik bi puntu zehaztu diela akordioak. Alde batetik, KPIk aginduko du igoeraren kopurua eta, gutxienez, %1 igoko dute urtero.
Horrez gain, kalkulatu dute azken urteetan erosteko gaitasuna %6an galdu dutela udal langileek eta modu mailakatuan berreskuratzea adostu dute.
Arreta zerbitzua arratsaldez
Gainera, herritarren arreta zerbitzua luzatuko dute arratsaldez ere eskaintzeko. Horrek aldaketak ekarriko ditu zenbait langileren baldintzetan.
Lan kalitatea
Enplegu duinagoa sortzeko konpromisoa dela eta, dauden postuak mantendu eta finkoak sustatuko dituzte, azpikontratetan klausula sozialak ezarriko dituzte, euskara trebakuntza eskainiko dute eta lan-poltsa berriak egingo dituzte, besteak beste.