"Batzuk uste dute ez direla berakatz zopazko kroketak existitzen, oraindik ez dituztelako dastatu”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 20a, 00:02
Angel Ortiz Zubiaga, berakatz zopazko kroketa prestatu berri batekin. Argazkia: aiaraldea.eus

ANGEL ORTIZ ZUBIAGA (Arespalditza, 1954) Euskal Herriko Sukalki Txapelduna izan da, besteak beste. Asmatzailea ere bada. Berakatz zopazko kroketak egiteko makina sortu zuen duela zenbait urte.

Nola bururatu zitzaizun berakatz zopazko kroketak egiteko makina egitea?
Agate Deuna kofradiatik deitu ninduten duela zenbait urte, bazkari bat prestatzea eskatuz. Berakatz zopa sobratu zen bazkarian eta etxera eraman nuen. Buruari buelta batzuk eman ostean otu zitzaidan sopa horrekin kroketak egitea. Makina diseinatu eta behar nituen piezak lortu nituen lagun batzuen bidez. Horrela egin nuen aparailua. 24 ordu behar izaten ditu 20 kroketa egiteko. Oso elektrizitate gutxi kontsumitzen du.  

Zer nolako harrera izan dute kroketek?
Ona. Jende asko etorri da kroketak dastatzera, toki askotatik. Batzuek diote makina ez dela existitzen, baina kroketak oraindik probatu ez dituztelako diote hori.

Ez duzu asmakizuna patentatzeko asmorik?
Ez, gordeta dut. Jende askok esan dit erregistroan sartzeko, baina modu horretan beste batek antzeko bat fabrikatu dezake zurean oinarrituta. Ez naiz honetaz bizi. Janaria lasai prestatzea eta bazkaltzera geratzen diren pertsonekin hitz egitea, hori da sukaldaritzatik niri gustatzen zaidana.

 

"Janaria lasai prestatzea eta bazkaltzera geratzen diren pertsonekin hitz egitea, hori da sukaldaritzatik niri gustatzen zaidana"

 

Sukalki txapelduna ere izan zara. Zein da puntako platerak prestatzeko sekretua?
Denbora izatea da garrantzitsuena. Patxadaz prestatu behar dira jakiak. Ezin da 11:00etan kozinatzen hasi 13:00etan jaten hasteko asmoarekin.

Epaile gisa aritu zara hainbat txapelketetan. Zaila da ehunka plateren artean onena zein den zehaztea?
Ez, nahiko erraza da. Plateraren presentziak asko egiten du. Jende asko gaupasaz doa lehiaketetara, ondo pasatzeko asmoarekin. Inportantea da hori, ondo pasatzea kulturaren parte delako. Baina badaude baita ere lehiatzeko asmoarekin bertaratutakoak, goiz jaikitzen direnak eta sukaldaritzako ekipo batekin doazenak. Horiek dira irabaziko dutenak.

Nondik datorkizu sukaldaritzarekiko zaletasuna?
Amarengandik. Oraindik bizi da, 92 urte ditu. Hankak, bakalaoa, barraskiloak... primeran egiten zituen. Berarengandik ikasi nuen. Jatetxe moderno askotako menuak ikusita, konturatzen zara hobeak zirela amak prestatzen zituen jakiak plater horiek guzti horiek baino.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide