Prentsaurreko bateratua egin dute gaur goizean PP, PSE-EE eta Omniaren udal talde politikoko kideek. Alderdi horietako ordezkariek jakinarazi dute iragan otsailaren 10ean “hiru txosten garrantzitsu” eskatu zituztela udalean.
Azaldu dute “derrigortuak” egon zirela eskera hiru taldeak batera aurkeztera. “Saiatu izan gara informazioa ohiko tramiteak eginez lortzen, baina zailtasun eta ezezkoak topatu ditugu. Horregatik batu behar izan gara, legeak exijitzen duelako”.
Kontratu txikia
Udalak egiten dituen kontratu txikiei buruzkoa da talde politikoek eskatu duten txostenetako bat. “Gardentasuna indartu nahi dugu diru publikoaren kudeaketan”, azaldu dute, “eta horretarako funtsezkoa da eginiko kontratu txikiak ahal bezain beste iragartzea”.
Diru-laguntzak
Diru-laguntzei eta hitzarmenei buruzkoa da eskatu duten bigarren txostena. Udalaren partetik dirua jasotzen duten talde guztien datuak eskatu dituzte, ezagutu nahi baitituzte taldearen izena, ordezkaria edota kontu korrontearen zenbakiak -datuen babeserako legea ahalbidetzen duen neurrian-.
Mozioak aurkeztuko dituzte
Hiru taldeek azaldu dute udalak ukatu egin dizkiela bi eskaera horiek, argudiatuta ez dagoela “txosten horiek egitea justifikatzen duen eztabaida aktiborik”. Hori dela eta, gai bakoitzeko mozio bana aurkeztuko dute Omniak, PSE-EEk eta PPk, “eztabaida irekitzeko”.
Etxebarria baserriari buruzko txostena
Hirugarren txostena ere eskatu dute talde politikoek, Etxebarria baserriari buruzkoa. “Udalak onartu du azken txosten hori egitea”, azaldu dute hiru alderdietako ordezkariek, “noiz egin eta entregatu zain gaude”.