“Txakurrek ez dute haurra epaitzen, berdin zaie ondo edo gaizki irakurri”

Erredakzioa 2017ko mar. 12a, 09:00

Nekane Ibarretxe Arregi, "Kala" txakurrarekin. Argazkia: aiaraldea.eus

NEKANE IBARRETXE ARREGI (Laudio, 1989) albaitaria eta txakur hezitzailea da. Txakurren konpainia baliatzen du umeei euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko. Amurrion eskaini zuen tailerra iragan larunbatean.

Zer moduz atera zen Amurrioko tailerra?
Ondo. Helburua irakurzaletasuna bultzatzea da, baina 3-5 urteko umeekin zaila da ordubete egotea irakurtzen. Irakurketa modu positiboan hartzea, hori da nire xedea.

Klasean umeak ohitu egiten dira eserita eta mahai batean irakurtzera, baina ez dute gauza bera sofan edo lurrean egiten. Ohitura hori hartzea eta ondo pasatzea da tailerraren helburua.



“Txakurrak ez daki irakurtzen. Horregatik umeak irakurtzen dio ipuina”



Txakurrak zertan laguntzen du horretan?
Bere presentzia erabiltzen dugu motibazio gisa. Txakurrak ez daki irakurtzen. Horregatik umeak irakurtzen dio ipuina. Txakurrei buruzko liburua erabiltzen dugu.

Irakurri ahala liburuan azaltzen diren gauzak egiten ditugu: animalia bainatu... Iragan larunbatean egin genuen tailerrean Kala mozorrotu genuen, inauteriak zirelako. Txakurra pozik eta eroso dagoela bermatu behar da betiere.

Txakurra alboan izateak ez du umea gehiago distraitzen?
Hala izango litzateke txakurra urduria balitz. Baina mota honetako txakurrekin egonda asko lasaitzen dira. Umea normalean txakurra laztantzen du esku batekin, bestearekin liburua hartzen duen bitartean.

Ume askori lotsa ematen die jendaurrean irakurtzea. Norbait eurak epaitzen izango balute bezala sentitzen dira. Txakurrak ez du epaitzen. Berdin du ondo edo txarto irakurri, animalia umearen ondoan geratuko da berdin berdin.

Horrek erlaxazioa sortzen du umearengan, eta irakurketarekin jarraitzea ahalbidetzen dio, nahiz eta txarto irakurri. Txakurrari ipuina irakurtzea da helburua. Arreta ez dago jada irakurtzen ari den umean, txakurrean baizik. Horrek presioa asko jaisten dio haurrari.



“Bullying kasuak ere kudeatzen ditugu, taldeka txakurrarekiko enpatia lantzen”



Zer nolako txakurrak izan behar dira tailerrekoak?
Lasaiak eta sozialak izatea garrantzitsua da. Nik hiru txakur ditut, eta kasuaren arabera bata edo bestea erabiltzen dugu. Txakur bakoitzak bere nortasuna ematen dio tailerrei.

Non eskaini duzu tailer hau?
Orozkon, Sopuertan, Bilboko hainbat ikastetxetan... toki ugaritan egon naiz. Muskizeko liburutegian hilabetean behin egiten dugu, hainbat adineko taldeekin.

Bi motatako saioak egin daitezke txakurrekin: tailer puntualak alde batetik eta terapia eta hezkuntzari zuzendutakoak bestetik.

Terapia eta hezkuntza saioetan profesional bat aritzen da, helburu batzuei begira. Bullying kasuak ere kudeatzen ditugu, taldeka txakurrarekiko enpatia lantzen.

Nondik dator mota horretako tailerrak egitearen ideia?
Esperientzia pertsonalaren ondorioz ikusi nuen zer nolako ahalmena duten txakurrek. Hori dela eta, gaiari buruzko masterra egitera joan nintzen Bartzelonara.

Bertako ospitale bateko umeekin aritu nintzen mota horretako irakurketa saioak egiten. Hortik hartu nuen ideia. Hona itzultzean pentsatu nuen irakurzaletasuna eta euskararen lanketa uztartzea, eta horri ekin nion.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide