"Horace Rumple oso pertsonaia ospetsua da Ingalaterran, pena litzateke hemen inork ez ezagutzea"

Erredakzioa 2017ko mar. 14a, 09:54
Laudioarra da Sare Lekanda.

SARA LEKANDAk (Laudio, 1982) lehenengo aldiz itzuli du eleberri bat; "Los casos de horace Rumbple, abogado", alegia. Impedimenta argitaletxe ospetsuarekin egin du lana. Aste honetan aurkeztuko du liburua Laudion.

"Los casos de Horace Rumple, abogado" eleberria itzuli duzu, nola sortu zen aukera?
Laudioko idazle eta lagun bati esker, Txani Rodríguez, Impedimentako argitaratzailearekin jarri nintzen harremanetan orain dela pare bat urte.

Berak John Mortimer idazleari buruz hitz egin eta liburu hau aipatu zidan. Itzultzen hasi nintzen, baina ez nuen bukatu eta baztertu egin nuen. Duela hainbat hilabete itzulpenari berriro ekitea erabaki nuen, eta eleberriaren zati luze samar bat itzulita neukanean, argitaratzaileari bidali nion.

Itzulpena ona zela eta argitaratzeko interes handia zutela esan zidaten. Bi urtez proiektua zokoratuta izan ondoren, eleberri osoa hilabete eta erdian itzuli behar izan nuen. Gogorra izan zen, baina merezi izan du.

Itzultzen duzun lehenengo liburua da, nolakoa izan da esperientzia?
Alde batetik nekagarria, itzultzeko denbora oso gutxi izan delako. Gainera, nik lan arrunta daukat bulego batean. Bertan igarotzen dut ia egun osoa, beraz itzulpena aisialdian egin behar izan dut.

Baina, beste alde batetik, asko gozatu dut esperientziarekin. Askotan aritu naiz itzultzaile, baina lehen aldiz gauzatu dut lan literarioa, eta esperientzia guztiz ezberdina da. Asko ikasten duzu gaiaren arabera.

Kasu honetan, protagonista Londoneko abokatu bat da. Ingalaterrako zuzenbideko sistemak eta hemengoak ez dute zerikusirik, beraz, informazioa pila bildu behar izan dut. Eskerrak interneten gehiena aurkitzen den.

Horrez gain, literatur itzulpenetan kreatibitateak garrantzi handia dauka. Liburuko protagonistak, adibidez, txiste ironiko ugari egiten ditu, eta horiek ezin da hitzez hitz itzuli. Jatorrizko testuan bezain ondo funtzionatzen duen txistea osatu behar da.

Itzultzea ez da hitz berak beste hizkuntza batean idaztea, baizik eta estiloa, tonua eta grazia mantentzea. Helburua ez da bakarrik hitzak eramatea, kultura ere bai. Bestela, ez du zentzurik izango irakurlearentzat. Hori da erronka zailena, baina aldi berean, hau da niri gehien gustatzen zaidana.

Laudion aurkeztuko duzu bakarrik?
Ez. Pasa den ostiralean, martxoaren 10ean, Madrilen aurkeztu genuen; eta oso ondo atera zen. Bilbon izango gara ostiralean, hau da, martxoaren 17an, Cámara liburudendan, 19:30ean.

 

"Laudion larunbatean aurkeztuko dugu, martxoaren 18an eguerdiko 12:30ean. Udaletxeko erabilera anitzeko gelan, Herriko Plazan"



Ez duzu itzulpengintzan lan egiten. Zure asmoa da horri esker bizitzea?
Itzulpen literarioari esker bizitzea nire ametsa izan da betidanik. Baina oso zaila da, ez dakit lortuko dudan.

Oraindik ez dut ezagutu bakarrik hau egiten bizi den itzultzailerik. Itzulpen mota hau ez dago ondo ordainduta, behintzat ingelesetik gaztelaniara.

Itzultzaile asko daude. Enkargu bat hilero jaso beharko nuke itzulpengintzatik bizitzeko, baina momentuz hori ez da gertatu. Dena den, saiatzen jarraituko dut.

Zergatik irakurri beharko luke jendeak eleberria?
Oso dibertigarria da. Protagonista, Horace Rumpole, adineko abokatua da. Ez da onena, baina gazteagoa zenean kasu penal famatu batzuetan lan egin zuen, eta 68 urte bete baino lehen, oroitzapenak idaztea erabakitzen du. Gizon klasiko eta nostalgikoa da, pixka bat erromantikoa. Jaun ingeles tipikoa, baina dekadentea aldi berean. Beti hiltzaile eta lapurrak defendatzen dabil, berak pertsona guztien errugabetasunean sinesten du eta, beraz ikertzen hasten da kasu bakoitzaren irtenbidea aurkitu arte.


"Ingalaterran pertsonaia ospetsua da. Hau lehen liburua da, baina saga osoa luzea da"

 

Liburuak atera aurretik telebistako saioa izan ziren "Rumple of the Bailey" abokatuaren kasuak, 1978tik 1992ra arte. 80ko hamarkadako Ingalaterrako kulturako pertsonaiarik famatuenetako bat da.

Zoragarria da, eta pena litzateke hemen inork ez ezagutzea. Horregatik jende guztia animatzen dut liburua erostera.

Literatura gogoko duzu, zeintzuk dira zure liburu gogokoenak?
Galdera hau zaila da beti. Misterio-eleberrien bidetik jarraitzeko, gaztetxoa nintzenean Agatha Christieren liburu gehienak irakurri nituela aitortu behar dut. "British" estiloa izugarri gustatzen zait.

Gaur egungo idazle britainar batzuk ere gogoko ditut: Ian McEwan, Irvine Welsh, Zadie Smith...
Murakamiren surrealismoarekin ere asko gozatzen dut. Klasiko pare bat aipatzeagatik, "Cien años de soledad" dago ziur aski nire lehenengo postuan. Vargas Llosaren "La fiesta del chivo" hitzik gabe utzi ninduen.

Beste batzuk: Patrick Süskinden El Perfume, José Luis Sampedroren La vieja sirena amodiozko istorio eder-ederra, eta Yann Martelen Piren bizitza. Filma atera baino askoz lehenago Laudioko lagun batek oparitu zidan, eta istorioak zoratu egin ninduen. Maitasun handia hartu nion liburu horri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide