Udalak jakinarazi du sanrokeen egitarauaren zenbait ekitaldi zehaztu duela. Hesian eta Zea Maysen kontzertuak ez ezik, iragarri du Zumalakarregin reggae gaua egingo dutela -La Regadera arituko da, besteak beste- eta, horrez gain, Susana Seivanak eta Ardentiak joko dute.
Herriko plazan aniztasuna
Herriko plazan, ordea, hainbat motako taldeak egongo dira: habanerak, boleroak, mariatxiak... eta Gontzal Mendibil, Urko eta Txomin Artola, Xabi Aburruzaga, Puro Relajo eta Kukai.
Kale saltzaileentzako lekua
Jai guneen banaketari dagokionez, ez da aldaketa handirik egongo. Odeibarreko aparkalekuan kokatuko dituzte barrakak eta Alberto Acero plazan lanak egiten ari direnez, leku gutxiago erabiliko dute.
Herri askotan bezala, kale salmentarako tokia prestatuko dute Aldai plazan. Aste batzuen buruan plazaratuko dute araudia.
Kartel lehiaketa
Dagoeneko kartel lehiaketaren oinarriak onartu ditu udalak eta Zuin aldizkariaren bitartez zabalduko ditu. Udal webgunean ere egongo dira ikusgai.