31.000 euroko diru-laguntza eskatu dio Laudioko Udalak Arabako Foru Aldundiari, merkataritzarekin erlazionatutako hainbat proiektu egiteko. Aldundiaren aurrekontuetan herriko merkataritza “biziberritzera” bideratutako partida dago, eta horren bidez lortuko du udalak dirua.
Lau proiektu
Lau proiektu gauzatzeko baliatuko du udalak dirua, herriko merkataritzara bideratutakoak guztiak. Alde batetik, hainbat obra txiki egingo dute, hainbat jardinera berritu eta Laudioalde ikastetxeko aparkalekuaren parean dagoen iturri bat lekuz aldatzeko.
Herriko enpresentzat tutoretza zerbitzua ere eskainiko dute, “kudeaketa eraginkorra” sustatzeko. “Enpresei jarraipen eta gidaritza pertsonalizatua egitea da asmoa, egunerokoan egiten dituzten jardueretan”, azaldu du Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak.
Hortaz gain, “asistentzia teknikorako zerbitzua” ere jarri nahi dute abian, “plan horretan azaltzen diren puntuak garatu ahal izateko”.
“Hainbat formazio saio” eskaintzeko ere baliatuko dute diru-laguntza. Hainbat tailer eskaini nahi dituzte, “oinarrizko merkataritza kontzeptu irakatsi eta horiek aplikatzeko tresnak eskaintzeko”.