Bilera irekia deitu du biharko (maiatzak 17) SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak. 18:30ean izango da zita, Herriko Plazako areto balioanitzean. Laudioko Kultura Mahaia eratzea proposatuko du plataformak bertan. Arabako Kultur Mahaiko kideak egongo dira bileran, euren funtzionatzeko era eta egiten duten lana azaltzeko.
Prentsa oharra zabaldu du parkearen aldeko plataformak, herrian Kultur Mahaia osatzearen arrazoien berri emateko. Ohar horretan adierazi dute beti pentsatu izan dutela Lamuza Parkea izan behar dela herriko kulturaren “birikia”, zonaldearen “balio botaniko eta naturala bere izaera kulturalarekin bateratuz”. Baina apustua “asmo handikoa” izan behar dela uste dute plataformako kideek. “Ez dugu uste nahikoa denik dagoena berriztatzea, uste baitugu parkearen berreskurapena Laudioko biziberritzearen mugarri bat izan daitekeela eta izan behar dela”, azaldu dute. Parkea “erreferentzia esparru” bihurtzea da plataformako kideen askoa, “kulturaren sorkuntza eta erakusketa” fusionatuko dituena.
Lehen bilera
Horregatik egin dute Kultur Mahaia osatzeko deia, proposamen hori herriko beste kultur eragileekin landu, eztabaidatu eta akordioetara iristeko. “Beharbada gaur arte landu ditugun ideiak ez dira babestuenak izango Laudioko kultur kolektiboen artean, eta beste planteamendu batzuk egon daitezke”.
Hori dela eta , plataformatik adierazi dute lehen bilera hau deitzeko ardura hartu dutela, baina hurrengo bileretan “parte hartzaile bat gehiago” baino ez direla izango; eta gaineratu dute gaurko zitara bertaratzerik ez duten elkarteek ekimenarekiko atxikimendua bidali dezaketela mahaia@sosparkea.com helbide elektronikora. “Ordezkaritza oso zabal eta anitz bat bilatzen dugu”.