Udaz blai

Familia giroan ibilian egiteko Pirinioetako 14 txango, Ivan Rotaetxeren eskutik

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 14a, 11:27

Egun erdiko ibilaldiak proposatu ditu Ivan Rotaetxek, zailtasun errazekoak eta aproposak lagun edo familia giroan egiteko. 

Luz Saint Sauveurren igaro du oporraldiaren zati bat Ivan Rotaetxek: "Uztaileko bigarren hamabostaldian Pirinioetan egon gara oporretan, lagun arteko familia giroan".

Inguruko kanping batean igaro dituzte gauak, "handik hurbil mendikate horretako bailara ederrak aurkitzen baitira". Egunero txango bat egin dute goizez, eta arratsaldeak igerilekurako eta jolaserako erabili dituzte.

Osatutako txangoei buruz galdetuta, toki bakoitzaren erreferentziak eta berezitasunak kontatu ditu. Oulettes de Gabe Pont D'Espagnetik egin zuen, esaterako: "Ibilbide luze honek GR10 jarraitzen du, Lac de Gaube ondotik igaro eta Pirinioetako ipar horma ederrenera garamatza, Vignemale mendira alegia". Telekabina eta teleaulkia hartzen dira aldapa gogorrena ekiditeko.

Lac d´Oncet, berriz, Tourmalet portu ezagunetik igo zuten: "Igoera famatu honetako azken aurreko bihurgune itxitik, xendra batek gora egiten du Iris latifolia edo Lirio urdin multzoen artean. Pic Du Midi de Bigorreren azpian ageri da laku hau. Txikiak asko pentsatu gabe arropak kendu eta freskatzera sartzen dira".

Troumouseko zirkua, aldiz, traktore-tren baten laguntzarekin bisitatzen da. "Han ibilaldi zirkularra egin genuen birjinaren irudira igotzeko eta La Munia inguruko gailurren ikuspegi ederraz gozatzeko".

Txangoen artean kuttunenetako beste bat, Sarradets-eko aterpetxea du, Col de Tentes-etik bertaratuta. "Tallon mendiaren ipar aurpegiaren ikuspegi ederra eskaintzen du irteera honek, baita Ordesako gailur garrantzitsuarena edota Gavarnieko ur jauziarena ere. Gure taldeko txikietako batek, bere lehenengo hiru milakoa egin zuen hemen", zehaztu du.

Naturaz ez ezik, faunaz ere gozatzeko tartea hartu dute. Horren adibide da Donjon des Aiglesen igarotako tartea, "Beaucens-eko gazteluan hegaztien ikuskizun ederraz gozatu genuen" oroitu du.

Gailur altuen artean, ikuspegi zoragarrien lekuko izan dira. Tourmaletetik Bareges zeharkatuta, Lac dets Coubous ere ezagutu zuten: "Lakura heltzerakoan bainu ederra hartzeko aukera izan genuen 2.600 metro inguruko gailur handien artean".

Lac d´Ilhéou ez da ezaguna, baina "benetan ederra da", Rotaetxeren aburuz. Cauterets-en hego-mendebalean kokatzen da bailara, eta ur jauzi handiak ditu. GR-10 markak jarraituta Plaa des Artiguesetik egin zuten aurrera, eta Lac Noirrera ailegatu ziren. Modu horretan heldu ziren Ilhéouko laku handira, "mendi altuez inguratua eta aterpetxe polit batekin bere ondoan".

La Glèreko aterpetxea ere gomendatu du mendizaleak: "Bareges-eko hego mendebaldean kokatzen da La Glèreko bailara. Beste laku eder batean du amaiera txango honek, Neouvielleko gailur handien oinetan. Aterpetxea, metro batzuk gorago aurkitzen da, behatoki berezia izanik".

Col des Espécieres ikustea ere aproposa da Rotaetxerentzat. Ibilbidearen erreferentziak azaldu ditu: "Col de Tentes-era itzultzen gara 318. mugarrira daraman txango hau egiteko. Jaitsieran lakuan geldiunea egin daiteke atseden hartzeko".

Marmotak ere izan dituzte bidailagun. Vignemaleren oinetako Barrage d´Ossoue du horren lekuko: "lo egitera hurbildu ginen hara. Nahiko erraza da marmotak ikustea. Hauek ikusteko asmoz igo ginen Lourdesko etxolarantza, eta urmaelera jaitsi ginen ondoren. Haiek ikustea lortu genuen, eta beraien txistuez gozatu genuen egun osoan zehar!".

Horrez gain, zoo batean ere izan ziren, Parc Animalier des Pyrénéesen. "Marmotekin eta beste animali batzuekin kontaktua izateko aukera dago. Txikiek asko gozatu zuten", oroitu du.

Edozelan ere, Gavarnieko zirkua du bisita ezinbestekoetako bat, Europako ur jauzi handiena. Paillako aterpetxetik atera ziren oinez, zirkuitu zirkularra osatzeko. Motzean azalduta, "hitzik gabe uzten zaituzten ibilbide eder horietako bat" dela dio Rotaetxek, "mendi magalean eskegita doa joaneko xendra, eta itzulera ibaiaren ondotik egiten da".

Midi d'Ossau mendi ezaguna ere gertutik jarraitu dute. Artousteko trena hartuta -Europako trenik altuena- Artousteko lakura joaten da, "geltokira telekabinan igotzen da. Handik Col d´Lurien-era igo eta Fabregeseko lakura jaisten da, Midi d´Ossauren ikuspegi ederrarekin".

Azkenik, Midi D'Ossauko oinetara gonbidatu ditu aiaraldearrak Rotaetxek, Pombieko laku eta aterpetxera hain zuzen. Izan ere, jatorri bolkanikodun tontorraren ikuspegi ezin hobeaz gozatzen da lakutik, mendizalearen esanetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide