“Filosofia Olinpiadetan jende ugari ezagutu dugu, oso dibertigarri eta interesgarriak izan dira”

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 29a, 09:11

Ezkerretik hasita; Ekain Aretxaga Martin, Andere Ramirez, Aizpea Azumendi eta Naiara Gago. / Aiaraldea.eus

Espainiako Estatuko Filosofia Olinpiadetan parte hartu dute ANDERE RAMIREZ, EKAIN ARETXAGA MARTIN eta AIZPEA AZUMENDI Laudio Institutuko ikasleek. NAIARA GAGO irakaslea eurekin egon da.

Lehenengo aldiz parte hartu duzue Filosofia Olinpiadetan?

Andere Ramirez: Euskadiko olinpiadetan ez, baina Espainiako Estatukoetan bai.

Ekain Aretxaga: Nik berdin egin dut.

Aizpea Azumendi: Nire lehen aldia izan da bietan.

Diziplina anitzak lantzen dira olinpiada hauetan. Zertan parte hartu duzue?

A. R.: Nik dilema moralean parte hartu dut. Euskadiko Olinpiadetan 8:00etatik 20:00ak arte genuen tartea testu bat idazteko. Horretarako, antolakuntzak proposatzen zuen gaia eta ordenagailuz eta apunteekin egin ahal genuen ariketa. Dilema zen dantzarekin jarraitzea edo ikasketei arreta handiagoa jartzea.

Espainiako Estatuko olinpiadetan ordu eta erdi genuen testua eskuz idazteko. Bi folio eta boligrafoa baino ez genituen. Dilema zen sakelakoa eta futbola jolastokian debekatzea edo ez. Nik debekuen kontra idatzi nuen.

"Euskadiko Olinpiadetan egun guztia izan genuen testua idazteko. Espainiako Estatukoetan, aldiz, ordu eta erdi izan genuen eta ezin genituen apunteak edo ordenagailua erabili"

E. A.: Aizpeak eta biok disertazioan aritu ginen. Euskadiko Olinpiadetan Karmele Jaioren testu batean oinarritu behar zen disertazioa, kontsumismoari buruzkoa.

Naiara Gago: Testu bat ematen diete eta horren tesia eta egilearen ikuspegia identifikatu behar dute, aldeko argudioak emateko. Argudio horiek filosofo batzuen ideiekin lotu behar dituzte, aukera izanez gero. Aldi berean, ikuspegi pertsonala ere adierazi behar dute. 

A. A.: Nik Alain de Botton eta Marcuseren argudioak baliatu nituen. 

E. A.: Ni urduritu nintzen eta behar baino filosofo gehiago erabili nituen: Herbert Marcuse, Alain de Botton, Byung Chul Han, Aristoteles, Epicuro…

Nola prestatu zenuten lehiaketa?

A. A.: Ez genuen sekulako prestaketa egin. Susmoa genuen futbolari buruzkoa izango zela gure ariketa, eta asmatu genuen, baina besterik gabe. Egia esanda, proba hasi baino hamabost minutu lehenago hasi ginen apunteak begiratzen.

N. G.: Anderek eta Aizpeak gaiak landu dituzte bigarren ebaluazioan, gaitegian txertatu baititugu. Ekainek, aldiz, ikasturte osoan ez du gaia landu, asko inprobisatu du. 

Nolakoa izan zen giroa olinpiadetan?

A. R.: Euskadiko Olinpiadetan ez genuen harreman handirik izan beste parte hartzaileekin. Urduri geunden, gainera. Espainiako Estatukoetan, aldiz, denbora gehiago partekatu genuen eta harreman handiagoa izan genuen. Giroa oso ona izan zen. Elkarrizketa oso interesgarriak izan genituen eta ondo baloratu dut hori. Ostiraletik igandera bitartean egon ginen.

"Espainiako Estatuko Olinpiadetan harreman handiagoa izan dugu besteekin, oso ona izan da giroa"

A. A.: Ostiral eguerdian izan zen disertazioa eta larunbat goizean sari banaketa. Gainerako tartean ekintza ugari izan genituen: Guggenheim Museoan ibili ginen, ibilaldia egin genuen Bilbon, Bilboko Perreran, magia eta filosofia uztartzen duen ikuskizunean… 

Zer da gehien gogoko izan duzuena olinpiadetan?

E. A.: Besteekin egotea oso atsegina izan da. Espainiako Estatuko jende pilo zegoen eta ikuspegi ezberdinak trukatu ditugu.

A. R.: Filosofia Olinpiadara joan arte ez ginen elkar asko ezagutzen eta lagun onak bilakatu gara.

Nolakoa izan da parte hartzeko prozesua?

A. A.: Euskadiko Olinpiadetan parte hartzea erabaki nuen egun horretan bertan. Lanak bidali genituen eta bi aste geroago jakinarazi zituzten finalistak. Gure defentsak eraman genituen eta, epaimahaiaren aurrean azaldu ostean, Espainiako Estatuko Olinpiadetara joateko hautatu gintuzten.

N. G.: 400 testuren artean hiru finalista hautatzen zituzten eta gero oholtzara atera behar ziren defendatzera. Irabazleek EAE ordezkatu behar zuten Espainiako Estatuko Olinpiadetan. Hor mekanika antzekoa da. Ostiralean egin zituzten idazlanak eta larunbat goizean Bilborocken batu ginen eta epaimahaiak zenbait gazte deitu zituen. Andere egon zen horien artean eta, testua irakurri ez ezik, bi galdera erantzun behar izan zituen. Epaileak mundu akademikokoak dira eta galdera oso zailak ziren. 

"Hiru finalistek epaimahaiaren aurrean defendatu behar zuten testua. Epaileak mundu akademikokoak dira eta galderak oso zailak"

A. R.: Ni hautatu ninduten eta oso urduri egon nintzen. Gainera, bi galderak aldi berean egin zizkidaten eta bat errepikatzeko eskatu behar izan nien. 

Gazte asko elkartu zineten?

E. A.: Bai, 150 baino gehiago. Bilborock bete genuen. Oso esperientzia ona izan da. Nire bizitza osoan izandako esperientzia onenen artean egon da eta asko ikasi dut.

A. A.: Nik oso ondo pasa dut. Ez dut uste ahaztuko dudanik eta errepikatuko nuke.

A. R.: Ni oso pozik nago eta ez dut ahaztuko. Lagun oso onak egin ditut eta, Bilbon egin arren (hiria jadanik ezagutzen dugula apur bat), gehiago ikasi dugu. 

Aldatu da zuen harremana filosofiarekin?

A. R.: Lehenengo mailatik ikasten dut filosofia eta oso gogoko nuen, baina eskolan lantzen nuen bakarrik. Orain aisialdira eraman nahi dut. Adibidez, liburu bat jaso nuen sari moduan eta irakurtzen ari naiz.

A. A.: Nire harremana ez da asko aldatu, baina ondo egon da ikuspuntu ezberdinak ezagutzea.

"Beti izan dut argi Arte Ederrak ikasi nahi nituela, baina orain ez dakit filosofia nahiago dudan"

E. A.: Nik hirugarren mailatik ikasi dut filosofia Naiararekin eta oso interesgarria iruditu zait filosofoen ideiak ezagutzea. Pentsamendu kritikoa garatzeko balio izan dit. Baina, aldi berean, beti izan dut oso argi Arte Ederrak ikasi nahi nituela, baina orain krisialdi txiki bat daukat eta ez dakit hori edo filosofia nahiago dudan.

Eta nola baloratzen duzue esperientzia bere osotasunean?

A. R.: Oso gogoko izan dut guztia, probak egitea barne. Oso entretenigarria eta dibertigarria iruditu zait eta gomendagarria da.

A. A.: Proba egitean aztoratu nintzen, Ekain bezala, baina gero oso ondo joan da dena. Jende oso ezberdina ezagutu dugu, hemendik topatzen ez duguna.

N. G.: Politikari buruz ere eztabaidatu dute. Nik bi puntu azpimarratu nahi ditut, niretzat oso inportanteak izan direnak. Alde batetik, lehen aldia izan da beste hizkuntza ofizial bat duen erkidego batean egin dela olinpiada. Diplometan, karteletan… euskararen presentzia bermatu dute. Uste genuen horrekin arazoak izango genituela eta ez da horrela izan, oso ondo joan da dena. Niretzat gozamena izan da jendea entzutea euskara polita zela esaten eta ikasi nahi zutela. 

Bestalde, aipatu nahi dut hezkuntza sisteman askotan aipatzen denean behar bereziko ikasleak daudela, beti irudikatzen direla zailtasunak, eta zaindu behar direla. Dena den, badaude bestelako behar bereziak, horrelako ikasleek dituztenak. Mota honetako egitasmoetan parte hartzen dutenean, konturatzen dira badaudela euren beharrak dituzten gazteak. Eztabaidatzea behar dutenak, adibidez.

Esaterako, larunbatean, filosofia liburua oparitu zieten eta horri buruz aritu ziren, litrona edota kalimotxoarekin egon ordez. Ez daukat inolako arazorik horrekin, ez dut inor gutxietsi nahi, baina profil honetako ikasleek bestelako beharrak dituzte eta arreta eskaini behar zaie. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide