Desert Trophy Pandan parte hartu duzue, zertan datza ekimena? Zeintzuk dira helburuak eta baldintzak?
Auto historiko batekin, kasu honetan Panda batekin, Marokon zehar raida egitean datza. Ibilbidea hainbat etapatan zegoen banatuta.
Etapa batzuetan waypointak hartu behar ziren eta bertara heltzeko zegoen zailtasunaren araberako puntuazioa zeukaten. Beste batzuetan tracka jarraitu behar zen 20 metro baino gehiago aldendu gabe, aldenduz gero penalizazioak zeuden.
Horrez gain, egun guztietan etapan zehar abiadura 80 kilometro orduko muga zegoen eta herrixkak zeharkatzean, bertako arriskuaren arabera, 20, 30 edo 40ra zegoen mugatuta.
Egun bakoitzeko sailkapena, etapan zehar lortutako puntuazioaren arabera egiten zen eta etapa irabazten zuen penalizazio txikiena zuenak.
Parte-hartzaileen bakoitzaren helburuak zeharo ezberdinak ziren.
"Batzuentzat, sailkapen orokorrari erreparatu gabe, garrantzitsuena ondo pasatzea zen, beste batzuentzat nola edo hala sailkapenaren buruan mantentzea zen"
Guretzat garrantzitsuena hasieratik ondo pasatzea izan da, nahiz eta sailkapenari bere garrantzia eman diogun.
Nolakoa izan da esperientzia? Zer goraipatuko zenukete? Gogorra izan da?
Oso esperientzia polita izan da arrazoi ugari direla medio: oso toki ezberdinak ezagutu ditugulako, beste herri bat ezagutzeko era polita delako, familiako lau partaideok era batean edo beste batean parte hartu dugulako eta, azkenik, Panda batean raida egiteak dakarren bizipenaz gozatu ahal izan dugulako.
Goraipatzekoa, batez ere, bertako jendeak gurekin izan duen harrera ona eta behar izan dugun guztietan izan duten jarrera bikaina.
Batzuetan nahiko gogorra izan da bai. Autotik atera eta denbora luzez bultzaka ibili behar izatea gogorra izan da.
Zer leku zeharkatu dituzue?
Lehenengo egunean Motrilerako bidea hartu genuen, Bilboko Alkateak Euskal Herritik eta Kantabriatik gindoazenoi Bilbon aurre-irteera eman eta gero.
Hurrengo egunean ferrya hartu eta Al Hoceimaraino joan ginen. Hauxe izan zen Marokorekin izan genuen lehenengo harremana. Arratsaldean ekitaldia egin zen hango agintari eta herri ordezkariekin, eta antolakuntzakoek eraman zituzten bizikletak hango elkarte bati eman zizkioten, beharrik handiena zuten herritarren artean banatzeko.
Hurrengo goizean Ifranerako bidea hartu eta bertan waypoint bilaketa egin genuen. Ondorengo hiru etapak (Ifrane Midelt/ Midelt Dades/ Dades Erfoud) track jarraipenekoak izan ziren. Eta azken bietan (Erfoud Merzouga (Erg Chebbiko dunak) Erfoud/ Erfoud Merzouga) waypoint bilaketakoak izan ziren.
Nolakoa izan da harremana gainerako parte-hartzaileekin? Eta zuen artean?
Parte-hartzaile gehienak beti laguntzeko prest egon dira, arazoren bat zenuenean gelditu egiten ziren eta edozein laguntza emateko prest zeuden beti.
"Etapa amaitutakoan giro polita sortzen zen parte-hartzaileen artean, auto bakoitzak behar zituen konponketak egiten ziren bitartean, egunean zehar gertatutakoa komentatuz"
Gure arteko harremana gehienetan nahiko ona izan da, beti ere kontuan hartuta hain toki txikian batera emandako denbora luzea eta nabigazioarekin lotutako erabaki ezberdinek dakartzaten eztabaidak. Baina orokorrean oso ondo moldatu gara “tandem” ona osatzen dugulako.
Nola geratu zarete sailkapenean?
Sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu dugu gure kategorian, 4x2koan hain zuzen ere.
Errepikatzeko asmoa daukazue?
Seguruenik datorren urtean bueltatuko gara, esperientzia oso ona izan delako eta familian bizitzeko oso aukera polita delako.