Espero zenuen Oñatiko garaipena?
Mugara heldu nintzenean ez nintzen konturatu irabazlea nintzela, egia esan. Nire aurretik hamar pertsona sartu ziren. Ez nekien, beraz, nire kategoriako lehena nintzen edo ez. Klasifikazioak ikusi nituenean konturatu nintzen txapelduna nintzela.
Hasi berri da duatloi denboraldia. Zeintzuk dira denboraldi honi begira dituzun helburuak?
Datorren astean Gernikara noa printzipioz. Apirilaren 15ean, aldiz, Nafarroara goaz, taldekako duatloi batera. Hortik aurrera triatloiak egiteari ekingo diot.
“Egunero korrika egiten aritzea aspergarria suertatzen hasi zitzaidan. Igeriketan hasi nintzen orduan, eta bizikletari heldu nion gero”
Triatloia da gehien jorratzen duzun modalitatea. Zer dela eta?
Egunero korrika egiten aritzea aspergarria suertatzen hasi zitzaidan. Igeriketan hasi nintzen orduan, eta bizikletari heldu nion gero.
Igeriketan zer moduz zabiltza?
Ondo. Txikitatik egin dut igeriketa.
Zeintzuk dira triatloiei begira aurten dituzun helburuak?
Zarautz da nire aurtengo helburua, olinpiko bikoitza egitea: 3.000 metro igeriketan, 80 kilometro bizikletan eta 20 kilometro korrika.
“Zarautzeko triatloia egitea da nire aurtengo helburua”
Zer helburu dituzu lasterketa horri begira?
Lasterketa amaitzea izango da lehen helburua, eta ondo egitea. Ondo egin dezakedala uste dut.
Oinkariak taldean zaude. Nolakoa da taldearen egunerokotasuna?
Jende asko gara taldean eta multzoka ibili ohi gara. Laudiokoak batera ibiltzen gara. Dani Ibarrola eta Ander Ganzabalekin batera entrenatzen dut nik. Ondo moldatzen naiz eurekin eta elkarrekin aritzen gara. Baina lasterketan jende asko batzen gara.
Eta nolakoak izaten dira entrenamenduak?
Triatloia egiteko urte osoan entrenatzen dut. Entrenamenduak bikoiztu egiten ditut: Bizikletan egitera irteten naizenean igeri egiteko ere aprobetxatzen dut, adibidez.
Sakrifizio asko eskatzen du horrek?
Bai, eskatzen du sakrifizioa. Une honetan lanetik itzultzen ari naiz. Etxean arropa hartuko dut eta entrenatzera joango naiz zuzenean, eta asteburuetan berdin.