Gorbeiako Parke Naturalean kokatutako errotarri harrobiei buruzko zortzi urteko lanaren emaitza aurkeztuko dute gaur Donibane Aretoan 19:00etan, hain zuzen.
Javi Castro, Esteban Echebarria, Iñaki Garcia Uribe eta Luiso Lopez egileek hartuko dute hitza eta Garcia Uribe orozkoarrak nabarmendu du ez dutela baliatuko ohiko eredua: "Eztabaida izango da, azaltzeko zergatik une hauetan Gorbeia den errotarri gehien duen tokia mundu osoan, errotetara jaitsi gabe".
Uribek azaldu du Javi Castro Aranzadiko kideak zuzendu duela lana eta 70 boluntarioren laguntza izan dutela Gorbeia osoa arakatzeko urte hauetan. "Itxaron zerrenda genuen laguntzaileentzat. Izan ere, dozena erdiko taldeak osatzen genituen 100 metroko zabalerako guneak ikertzeko. Aurretik etxean ordenagailu bidez zehazten genuen nondik ibiliko ginen. Boluntario horiek askotan ez zuten elkar ezagutzen eta orain txokora joateko geratzen dira", aipatu du umoretsu orozkoarrak.
Joseba Carreras Gorbeiako Parke Naturalaren zuzendariak koordinatu du liburua eta Arabako Foru Aldundiak finantzatu du. Garcia Uribek adierazi du euren lana musu-truk izan dela, baina erakundeari eskatu diotela ahalik eta merkeen izatea liburua: "Bost euro balio du eta Orozko Museoan eros daiteke, edo Elkar liburu-dendetan".