Andere Canalesek eta Olatz Zulaikak irabazi zuten Bizkaia Cup gomazko paleta txapelketa

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 26a, 12:30
Finalaren ostean egindako argazkia. Gorriz eta zutunik, Andere Canales, bere alboan, Nahia Ugarriza. Azpian Naroa Saez eta Olatz Zulaika./Olgetan

Olgetan klubeko jokalariek bi taldekide izan zituzten nor baino nor finalean; Nahia Ugarriza eta Naroa Saez, hain zuzen.

Martxoaren 15ean Bizkaia Cup Gomazko Paleta Txapelketa irabazi zuten Andere Canales eta Olatz Zulaika Olgetan klubeko jokalariek. 30-23 gailendu ziren finalean eta arerioak talde bereko lagunak izan ziren, Nahia Ugarriza eta Naroa Saez, alegia.

Canales eta Ugarriza orozkoarrek, Zulaika gasteiztarrak eta Saez aretarrak ibilbide luzea egin zuten finalera heldu arte. Izan ere, lehen mailan jokatu zuten, eta parte hartu zuten hamalau bikoteak bi taldetan banatu zituzten antolatzaileek.

Lehenik eta behin, ligaxka jokatu zuten eta partida bakarra galdu zuen bikote bakoitzak. Horrek eskubidea eman zien zuzenean finalerdietan egoteko, beste batzuk final laurdenetan lehiatu behar ziren bitartean.

Olgetan klubeko kirolariek euren norgehiagoketan nagusitu ziren eta Sopelako pilotalekuan erabaki zen txapelduna.

Kluba oso pozik

Gazteek osatzen duten klubak poztasuna adierazi du, lehen mailan eta promozio mailan ere kalitate izugarria erakutsi dutelako. Izan ere, promozio mailako txapelketa ez badute irabazi ere, bigarren, hirugarren eta laugarren postuak orozkoarrenak izan dira.

Dena den, denboraldiak aurrera egiten jarraitzen du eta Gravni zein Emakumezkoen Larruzko Pilotako VI. Bizkaia Paleta Txapelketan buru-belarri sartuta daude jadanik jokalariak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide