“Aspaldi ikusi gabeko lagunekin berriz biltzeko aukera ematen digute Kintoek”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mar. 3a, 20:25

1999ko kintoa da Esti Dueñas Gallego.

ESTI  DUEÑAS GALLEGO (Urduña, 1999) aurtengo Kintoen antolatzaileetako bat da. Biharko prestatu dituzten ekintzen inguruan mintzatu da.

Urduñako Kintoak ospatzen dituzue bihar. Zer egongo da egunean zehar?
Mezara joango gara lehenbizi, goizeko hamarrak eta erdietan, Antiguako elizara. Eliza nahiko berezia da hori. Umeentzako jolasak egingo ditugu gero, 11:30etan. Haurrei aurpegiak margotuko dizkiegu eta hainbat jolas egingo ditugu eurekin.

Urduñako kaleetatik egongo gara gero, trikitia eta panderoekin poteoa animatzen. Denok batera bazkalduko dugu, Foru Plazan. 19:30etan batukada egongo da, Artziniegako Builaka taldearen eskutik. 22:00etan ETS taldeak joko du plazan. Ordubeteko kontzertua eskainiko du. Ondoren Aiaraldeko Soinu Sistema egongo da, eta DJ Ruba izango dugu gauarekin amaitzeko.



“Jende askok esaten digu gaur egungo ospakizunak ez duela zer ikusirik garai batean egiten zenarekin”



Nola antolatu zarete eguna antolatzeko?
Berrogei kinto gara. Azaroan hasi ginen antolaketa lanetan, ostiralero bilerak eginez. Bilera horietan adostu genuen kontzertu hauek kontratatzea. Bagenituen beste aukera batzuk, baina aurrekontuak nahiko altuak ziren eta hauek hartu genituen azkenean.

Agate Deunaren bezperan ere aritu zineten abesten.
Goizez atera ginen abestera, Urduña inguruko txokoetatik. Gaztetxean bazkaldu genuen gero, eta oso ondo pasatu genuen. Arratsaldean Urduñan abestu genuen eta diru asko bildu genuen. Oso eskuzabala da Urduñako jendea!

Inauterietan txosna jarri genuen, diru gehiago lortzeko.



Nola lortzen duzue kintoetako ekintza guztiak aurrera ateratzeko dirua?
Txosnaren bidez. Ostiraleko bileretan kinto bakoitzak hiru euro jarri ditu, eta horrela ere bildu izan dugu dirua. Zozketa bat egin genuen baita, eta zenbaki asko saltzea lortu genuen. Udalak diru-laguntza bat eman digu baita. Horrela lortu dugun behar genuen dirua.

Zerbitzu militarra egitera zihoazen gazteen agurra ziren lehen “kintoak”. Zuentzat gaur egun zertan datzan kinto izatea?
Jende askok esaten digu gaur egungo ospakizunak ez duela zer ikusirik garai batean egiten zenarekin, lehen “milira” joaten zirelako. Tradizioarekin jarraitzeko modu bat da guretzat. Aspaldi ikusi gabeko lagunekin berriz biltzeko aukera ematen digu festak. Orain ez dugu guztiok toki berean ikasten, banandu egin gara. Horregatik, aukera ona da berriz elkartzeko eta Urduñako gainontzeko herritarrekin festa ospatzeko.

Datozen urteetan ere biltzeko asmoa duzue?
Bai. Bihar herriko koadrila eta kinto asko bilduko dira elkarrekin afaltzeko. Badago hori egiteko ohitura, eta guk ere mantenduko dugulakoan nago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide