Martxoaren 18an ekimen solidario bat egingo duzue errefuxiatuen alde. Zerk bultzatu dizue horretara?
Duela asko pentsatuta neukan zer edo zer egitea. Nire aldetik zerbait eman behar nuela uste nuen. Baina nola hasi? Zer egin?
Hasiera batean, Urduñan arropa biltzeko kanpaina bat egitea pentsatu nuen. Hasi nintzen gobernuz kanpoko erakundeekin harremanetan jartzen (Ongi etorri errefuxiatuak, SOS refugiados eta abar…). Hauek esan zidaten Espainian eta Grezian biltegi ugari zeudela eta jadanik ez zela pertsona hauen behar garrantzitsuenetarikoa. Hori dela eta, pausu bat aurrera emanez, ekimen solidarioa egitea bururatu zitzaidan eta antolatzen hasi nintzen.
Izaskun Del Cerrorekin hitz egin nuen lehendabizi. Izaskun zumba irakaslea da eta nire lehengo ideiak plazaratu nizkion. Baietz esan zidan eta nirekin batera konpromiso handia hartu zuen.
“Izugarria izan da Urduñako elkarte eta erakundeen eskutik jaso dugun elkartasuna”
Nola antolatu zarete ekimena martxan jartzeko?
Izaskun eta biok hasi ginen. Hala ere, gaur egun talde bat osatu dugu dena aurrera eramateko. Lehendabizi Udalaren baiezko erantzuna lortu genuen eta geroago, ekitaldian egongo diren jarduerak antolatzeko, Urduñako erakundeen elkartasuna eta laguntza behar izan dugu. Denak egon dira prest. Izugarria izan da elkartasuna! Horrek poztasuna ematen digu aurrera jarraitzeko.
Zer da zehazki martxoaren 18an Urduñan egingo dena?
Programa jada zehaztuta daukagu. Alde batetik, goizean mendi martxa bat egongo da San Pedro mendira igotzeko eta Foru enparantzan azoka solidarioa egingo da bitartean.
Arratsaldez zumbatloia egongo da frontoian (sarrerak 5 euro). Aipatzekoa da ere, Gurutze Beitia eta El Conquistador del fin del mundo saioko part ehartzaile batzuk egongo direla ekitaldian. Zumba dantzatuko dute eta euren ekarpena egingo dute.
Eguna amaitzeko, kontzertuak, DJa, parrillada eta txosna egongo dira Foru Plazan. Hori guzti hori posiblea izan da egitea lan-talde izugarria egin dugulako. Ez nuen espero hainbeste elkartasun jasotzea, oso pozik gaude.
Zein izango da egun horren helburua?
Urduñatik gure ekarpena egitea da helburu nagusia. Ez dugu arazo larri honekin amaituko baina behintzat errefuxiatuen egoera pixka bat hobetuko dugu. Alde batetik, Europaren jarrerarekin ados ez gaudela adierazi nahi dugu eta, bestetik, martxoaren 18an egongo diren jarduerekin dirua ateratzea dugu helburu. Himaya elkarteari emango diogu diru guztia, euren proiektuan parte hartuaz.
“Himaya elkartera bideratuko dugu lortzen dugun dirua”
Zertan datza Himaya proiektua?
Elkarte txikia eta berria da. Pertsona eta familia ahulenak kaleetatik zein kanpamentuetatik ateratzeaz gain, daukaten diruarekin Grezian pisuak alokatzen dituzte, errefuxiatuak bertan bizi daitezen asiloa lortu arte. Pisuak alokatzearekin batera, janaria eta berogailua eskaintzen dizkiete. Gaur egun, ekarpenekin, 14 pisu dituzte Grezian eta aurrera doaz. Beraz, Urduñatik gure laguntza eskainiko diegu ilusioz eta bihotzez.
Zer moduzko harrera ari da izaten ekimena?
Esan dudan bezala, harrera oso positiboa izan da. Hasiera batean ideia oso txikia zen eta ez genuen espero lortu dugun programa osatzea. Espero dugu egun horretan sentsibilizazioa bultzatzea eta gaur egun daukagun egoeraz kontzientziatzea. Pertsona hauen egoera gure ardura ere bada. Mugitu behar gara!
Mila esker guztioi zuen laguntzagatik! Martxoaren 18an “Mugarik ez, elkarrekin bat” garela oihukatuko dugu batera!