Karlos Argiñano eta Alex Sarduik ere egin dute jantokiaren aldeko mobilizaziora joateko deia

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mar. 30a, 10:01

Inauteriak ere baliatu zituzten jantoki ekologikoa aldarrikatzeko. Argazkia: Javier Ruiz Lili

Bihar egingo da kalejira, 17:30ean Urduñako Herri Eskolatik abiatuta.

Bideo bana grabatu dute Karlos Argiñano sukaldariak eta Gatibu taldeko Alex Sardui abeslariak. Bihar Urduñako Herri Eskolaren jantokiaren alde egingo den kalejirara joateko gonbita luzatu dute.

Ez da deialdia zabaltzera animatu diren bakarrak izan. Pirritx eta Porrotxek ere plazaratu dute jantokiaren aldeko bideo bat:


 

Eusko Jaurlaritzaren trabak salatuko dituzte
Herri Eskolatik abiatuko da jantoki ekologikoaren aldeko kalejira, 17:30ean. Eusko Jaurlaritzak jarritako trabak salatzea izango da mobilizazioaren helburua.  

Catering zerbitzu baten bidez zerbitzatzen zaie bazkaria Herri Eskolako umeei, baina 2009tik daramatzate ikastetxean tokiko produktuekin funtzionatuko lukeen jantoki bat izan nahian.

Arazo bat zuten: Urduñako eskolak ez duela sukalderik. Hori dela eta, Nagusien Etxeko sukaldea sukalde zentrala bihurtzea planteatu zuten, modu horretan eskolarentzako menuak ere prestatu ahal izateko bertan. “Jaurlaritzako Osasun Sailak aurkeztu genion proiektua eta begi onez ikusi zuten”, azaldu du Ekoizpen erakundeko Marijo Imazek. Obrak egin zituzten 2012an. Baina 2016an sukalde zentrala izateko eskaera egin zutenean ezezko erantzuna jaso zuten Jaurlaritzatik, sukalde zentral bat izanez gero menuak prestatu eta komertzializatzeko aukera izango zutela argudiatuta.

“Hori ez da gure asmoa. Osasun Saila bera izan zen sukalde zentrala egitera bideratu gintuena”, azaldu du Ekoizpen erakundeko teknikariak, “Gertatzen dena da Jaurlaritzak ez du horrelako proiektuen alde aritzeko borondaterik”. Hori salatuko dute mobilizazioan, eskola jantoki ekologikoa aldarrikatzearekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide