“Senegalen ezer ez badugu ere, guztia partekatzen dugu”

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko api. 25a, 10:11
Urduñan bizi da Codou Ba. / aiaraldea.eus

Urduñatik munduari begira dago CODOU BA (Senegal, 1969). Familia hezteko etorri zen Euskal Herrira. Zazpi ezberdintasun baino gehiago topatu ditu han eta hemen bizitzarekin jolasean.

Nola definituko zenuke esaldi batean Senegal?

Denek esaten dute Teranga herrialdea dela, jende guztia ongietorria da han. Senegalen ezer ez badugu ere guztia partekatzen dugu. Esaterako, nire etxera etortzeko ez da abisatu beharrik, horretan datza kultura.

Nola iritsi zinen Aiaraldeara?

Hegazkinez. Lehendabizi Frantziara joan nintzen, eta gero Euskal Herrira. Senarrarekin elkartzea nuen helburu, aurrez etorria baitzen. Hasieran Bilbon bizi ginen, Errekalden eta Gurutzetan, baina 2009an etorri ginen Urduñara.

Senegalek eta Euskal Herriak ba al dute antzekotasunik?

Oso ezberdinak dira: kultura, ohiturak… Jaiak, esaterako, beste modu batera bizi ditugu. Gure herrian ez dira festak ospatzen, ez ditugu otxomaiotan bezalako kultur ekitaldiak antolatzen.

 

"Gure herrian ez dira jaiak ospatzen"

 

Hango zer botatzen duzu faltan?

Gurasoak (barreak). Musika, dantzatzeko era… oso ezberdinak dira, hizkuntzaren dialektoak bezala. Tokian toki danborra modu ezberdinetan estaltzen da, leku batzuetan hiru oihal jartzen dituzte.

Eta Euskal Herria?

Niretzat apartekoa da. Mundu osotik etorritako jendea dago.

Zerk harritu zintuen gehien?

Lehen euskaldunak oso itxiak zirela uste nuen, baina orain ulertzen dut arrazoia: engainatzearen beldur zarete. Senegalen kontrakoa da, beso eta ate zabalik hartzen dugu edonor. Hori bai, konfiantza hartzen duzuenean ez duzue parekorik.

 

"Harremanak izateko moduak zeharo ezberdinak dira, hemen tabernetan elkartzen zarete. Guretzat eraso guneak dira. Emakumeak tabernan egotea sexu langile izatearen adierazle da"

 

Bestalde, harremanak izateko moduak zeharo ezberdinak dira, hemen tabernetan elkartzen zarete. Senegalen oso gaizki ikusita daude tabernak.

Ama tabernan nengoela esan nionean harritu eta haserretu egin zen, han sexu langileekin lotzen da eta. Guretzat eraso guneak dira. Emakumeak tabernan egotea sexu langile izatearen adierazle da.

Gizonezkoek diote tabernara bagoaz ez garela familia onekoak. Hala ere, turista edo atzerritarrekin ez da berdin jokatzen, Senagaleko emakumeen kasuan soilik pentsatzen dute hori.

Wolofa da zure hizkuntza.

Bai. Bilboko lokutorio batean elkartzen gara wolofez hitz egiteko. Tea edaten dugu, eta tertulia egin.

Dena den, ez dugu arazoez hitz egiten. Gure umeek, esaterako, gaztelera eta euskara hitz egiten dute. Wolofa ulertzen dute, baina ez dute hitz egiten.

Lokutorioan, adibidez, haien artean euskaraz eta gazteleraz mintzo dira, Euskal Herriko guztia hartu dute gure seme-alabek! Niri sinestezina zait hainbeste ikastea! Orain gure etxean Korrikako kanta baino ez da entzuten, sakelakoan jarri eta dantzan hasten dira!

Otxomaio jaietan Bihotza erretzen dute…

Hori zertarako da? Buruhandiak ere berriak dira guretzat.

Kuzinatzeko modua ere ezberdina izango da, ezta?

Patata tortillarekin flipatu egin nuen. Itxura asko gustatu zitzaidan, eta zaporea ere bai. Hemen osagaiak bereizten dituzue, guk dena nahasita prestatzen dugu: haragia, dilistak, barazkia… Askoz hobeto jaten duzue hemen.

Zein da hango jaki tipikoena?

"Siedutxol" ahoskatzen da, arroza arrainarekin. Senegalen metro bateko arrainak ditugu, nahiz eta txikiak ere badiren.

Tripa ondo betetzeko egunero jaten dugu arroza, bestela gosez geratzen gara eta. Euskal Herrian ardoa edaten duzue, guk "bissap", genjibrea… ditugu, zukuak. Fruitu gorriak dira, baina bissapak kolore zurikoak ere badaude. Gure olioa oso ona da bai jateko eta baita gorputzerako ere.

Senegalera itzultzeko asmorik bai?

Jakina. Nire alabak laguntzea da nire helburua, baina hazten direnean alde egingo dut, zer egingo dut hemen ba? Ikusi nahi banaute nire herrialdera etor daitezela! 20 urte barru nire alabek haien bizitza izango dute. Orain, hemen egotea dagokit, hori da ama ororen desira: alabak laguntzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide