Urduña Hiria Herri Krosaren XIV. edizioak ibilbide aldaketa ekarriko du

Erredakzioa 2018ko ira. 20a, 11:51

Dozenaka kirolari paralinpikok parte hartzen dute lasterketan. / Arando Korrikakalari Taldea

Urduñako herrigunean zenbait obra egiten ari da udala eta, lehenengo aldiz, krosaren antolatzaileek ibilbidea aldatu dute. Irailaren 30ean izango da hitzordua eta berritasun gehiago prestatu dituzte.

Urduña Hiria Herri Krosa probaren antolakuntzako azken txanpan dago Arando Korrikalari Taldea. Aurten XIV. edizioa egingo dute eta, herrigunean abiatu dituzten lanen ondorioz, ibilbidea aldatuko dute.

Hala ere, lasterketaren muina ez da oso ezberdina izango; 10 kilometro inguru bete beharko dira eta horretarako Urduñako erdigunea 3 edo 4 aldiz zeharkatu beharko da. Arbietora eta Gamara ere joko dute lasterkariek.

Adin guztietako 800 parte-hartzaile
Yolanda Remirez de Ganuza Arando taldeko kideak iragarri du 800 lasterkari espero dituztela. Hasteko, 320 helduk, 35 paralinpikok, 180 "minitxikik" eta 300 "txikik" eman dute izena eta oraindik epea ez da amaitu. Berez, Internet bidez edo Bilboko Bikila dendan egin daiteke, eta baita egunean bertan ere, proba hasi baino lehen. Hilaren 26an eta 27an Alondegian egiteko parada emango dute.

Yolandak nabarmendu du partaidetzaren aldetik kopuruak mantentzen direla, baina azken aldian herriko jende gehiago animatzen dela. Halaber, uste du emakumeen parte hartzea sustatu behar dela gehiago: "gutxik ematen dute izena".

Paralinpikoak
Antolatzaileek nabarmendu dute eurentzat bereziki hunkigarria dela kirolari paralinpikoen parte hartzea. Bereziki, La Muerako erabiltzaileek eta Javier Conde Klubeko lasterkariek ematen dute izena.

Kategoriak
Paralinpikoak ez ezik, helduak, "minitxikiak" eta "txikiak" ere lehiatzen dira Urduñan. Kategoria bakoitzaren ibilbideak berezko ezaugarriak ditu eta txikiena oso motza da.

Yolanda Remirez de Ganuzak azaldu du horri esker familia hitzordua dela Herri Krosa, kide guztiek maiz korrika egiten baitute.

Lasterketen ordenari dagokienez, helduak hasiko dira eta. Ondoren aterako dira paralinpikoak, gero "txikiak" (2003 eta 2009 urte bitartean jaioak) eta, azkenik, "minitxikiak" (2010ean edo geroago jaioak).

Txipa
Aurtengo berritasuna izango da txipa erabiliko dutela lasterkarien denborak kontrolatzeko. "Orain arte eskuz egin dugu dena, baina etorkizunean baliabide elektronikoak baliatu nahi ditugu, lan gutxiago eskatzen baitute. Hori dela medio, inskripzioak 7 euro balioko du helduentzat eta paralinpikoentzat, iaz baino euro bat gehiago. "Umeek euro bakarra ordainduko dute" argitu du Remirez de Ganuzak.

7 antolatzaile eta hainbat boluntario
Arando Korrikalari Taldeko 7 kidek hartzen dute bere gain krosaren antolakuntza: baimenak eskatzea, inskripzioak kudeatzea... baina egunean bertan urduñar ugarik laguntzen dute dena ondo atera dadin.

Yolanda Remirez de Ganuzak nabarmendu du oso eskertzekoa dela lasterketaren hurrengo egunetan jasotzen dituzten mezuak, askok zoriontzen baitituzte egindako lanagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide