Urduñako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 1937 eta 1941 artean presoen lan behartua baliatu zutela egiaztatu du ikerketa batek

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 28a, 17:25
Garaiko Espetxe Zentraleko presoek konpondu zuten Txarlazoko Antiguako Ama Birjinaren Monumentua. / Aiaraldea.eus

Urduñako Udalak kontratatuta, EHUko ikertzaile doktore Javier Gomezek Urduñako kontzentrazio-esparruko eta Espetxe Zentraleko presoek egindako lanen dimentsio kuantitatiboa eta kualitatiboa aztertu ditu. Emaitzak memoria historikoa lantzeko udal web orrian jarriko dituzte eskuragarri.

Javier Gomezek, EHUko ikertzaile doktore eta Euskadiko errepresio frankistaren inguruko hainbat lanen egileak, Urduñan 1937 eta 1941 urteen artean egindako gatibu-lanak aztertu ditu Udalaren enkarguz. Zehazki, behartutako lanen dimentsio kuantitatiboak eta kualitatiboak ikertu ditu.

Urduñako Udalak ezagutzera eman duenez, ikerketa horrek egiaztatu du "Urduñako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kontzentrazio-esparruan eta Espetxe Zentralean presoak etengabe erabili zituztela, gerraren ondorioz suntsitutako espazio publikoa eta azpiegiturak berrosatzeko ez ezik, era guztietako obra publiko eta pribatuak egiteko etengabeko lan-brigada gisa ere”.

Lanaren emaitzak Udalak memoria historikoa zabaltzeko duen web orriaren bidez jarriko dituzte herritarren eta interesdun guztien eskura.

Udalak azaldutakoaren arabera, azterketa bi dokumentu nagusitan dago banatuta. Alde batetik, “udalerriko praktika esklabista aztertu eta berregiten” duen ikerketa historikoa dago, non testuinguruarekin batera, biktimei eta biktimagileei buruzko datuak ere ematen diren. Horrez gain, ikerketaren emaitzak, udal-esparruan txertatzeko ondorioak eta gomendioak ere jasotzen ditu azterlanak.

Bigarren dokumentua guztiz grafikoa da. Inoiz ikusi gabeko zenbait irudi biltzen dituen baliabide sorta da, eta horiekin Udalak bilatzen duena da “herritarrek presoen aurkako errepresioa bisualki berregiteko aukera izan dezaten”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide