ERREPORTAJEA

Euskal eskaladaren totema

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 19a, 07:00
Fraileburura txangoa egin zuten Txarlazo eta Mendiko Lagunak taldeek, mendeurrean ospatzeko. /Aiaraldea.eus

Elkarri lotuta daude Fraileburu eta euskal mendizaletasuna. Duela ehun urte Angel Sopeñak Gorobeleko tontor menderaezina igo zuen, Euskal Herrian dokumentatutako lehenengo eskaladan.

Arrastariako bailararen gainean altxatzen da Gorobel mendilerroko gailur enblematikoena. Otoitz egiten dagoen harrizko fraile erraldoi bat bailitzan, Tertangako zirkoaren jaun eta jabe da inguruko tonotrrik zorrotz eta menderagaitzena.

Eskalada gogoko duen orok du begiko. Izan ere, euskal mendizaletasunaren historiako mugarri goiztiarrenetako bat jarri zen bertan duela ehun urte: Euskal Herriko lehenengo eskalada.

Sopeñaren balentria

Duela ehun urte, 1924ko martxoaren 16an, Angel Sopeña Oruetak Fraileburu mendia eskalatu zuen. Ordura arte menderaezina zirudien gailurrak, eta igoerak zeresan handia sortu zuen Urduñan, eta euskal mendizaleen artean, oro har.

Sopeña Club Deportivo Bilbao taldeko kidea zen. Euskal Herriko Mendizale Federazioak hilabete gutxi barru ekingo zion bideari, baina ordurako ugariak ziren alpinismo taldeak han-hemenka, tartean Sopeñaren klub bilbotarra ere. Ordurako ugariak ziren mendizaletasuna sustatzeko ekimenak, hala nola 1914an jaiotako, eta gaurdaino iritsi den, Ehun Mendien Lehiaketa.

Sopeñak puri-purian zegoen euskal mendizaletasunaren bigarren belaunladia ordezkatzen zuen, alpinismoaren hastapenekin batera ezagutza teknikoetan sakonduz zihoana.

Aspalditik zuen begiz jota Angel Sopeñak Fraileburu mendia. Igo ostean idatzi zuen eskaladaren kronikan, honela jaso zuen bertara igotzeko zuen motibazioa: “Mendiko jendeak fraideari buruz hitz egiten du, eta maiz joaten dira hara. Horrek larritu egin ninduen, eta beldur nintzen Club Deportivo loriatsuarena ez zen beste bandera batek hartuko ote zuen kargua haren gailurrean. Eta asmo horrekin abiatu nintzen 1924ko martxoaren 16an, kolosoaren oinarrira”.
Astebete lehenago ingurura bertaratu zen mendizale bilbotarra, igoera nondik eta nola egingo zuen erabakitzeko. Mailu batekin, iltze gutxi batzuekin, soka batekin eta Sopeñak berak diseinatutako altzairuzko palanka txiki batekin igo zen Frailearen bururaino. Eskalada zaila eta arriskutsua izan zela utzi zuen idatzita Sopeñak: “Eskalada honen arrakastaren sekretua nire mugimendu  bakoitza gidatu duen hausnarketa lasaia eta Jainkoari esker falta izan ez zaizkidan energia emaria izan dira. Horregatik, ohorea iruditzen zait alpinismo bizkaitarrak lortutakoa”.

Balentriaren lekukotasuna Bizkaiko Mendien Lehiaketako txartel batean utzi zuen idatzia Sopeñak. Txartela zinkezko kutxatxo batean gorde eta tontorrean utzi zuen, harik eta beste eskalatzaile batek, Sopeñaren urratsak jarraituz, apirilaren 13an kutxa jaso zuen arte.

Euskal eskaladaren mugarria

Angel Sopeñak Fraileburu igo izanak egundoko zalaparta sortu zuen euskal mendizaleen artean. Urduñan ere berebiziko oihartzuna izan zuen albisteak, eta urte luzez Pico Sopeña deitu izan zioten mendiari.

Eskalada hura izan zen Euskal Herrian dokumentatutako lehenengoa, eta bide eman zion gaurdaino garapen izugarria izan duen kirol diziplinari. Angel Sopeñak berak eskaladaren bidea urratzen jarraitu zuen; 1930ean Asturiaseko Pico Urriellu eskalatu zuen, bertara igotzea lortzen zuen seigarren pertsona bilakatuta. 1933an, aldiz, Cervinoko Zmutt gandorra eskalatu zuen.

Eskaladaren garapen eta eboluzioaren lekuko izaten jarraitu zuen Fraileburuk. 1955ean Pedro Udaondo eta Arturo Fernandez eskalatzaileek hego-ekialdeko horma eskalatu zuten. Eskalada artifizalean igo zuten, eta Frailearen buruak osatzen duen sabaia A3ko zailtasuneko luze batekin gainditu zuten; zailtasun gogorra eskalada artifizialeko graduazioaren arabera.

Tontorrera bidean

Fraileburura igotzeko bidea Frailearen haitza eta Gorobel mendilerroa lotzen dituen arrailatik abiatzen da. Bertara iristeko belardi malkartsua eta irristakorra gainditu beharra dago. Bertatik harri mailaktu batzuk igo eta ertza ezkerretik jarraitu beharra dago. 60 metroko soka batekin luze bakarrean egin daiteke, baina soka motzagoekin ere igotzeko aukera dago, bidean dauden hiru bilguneak baliatuz.

Mendeurrena

Lehenengo eskaladaren efemeridea ospatzeko, Fraileburu mendira egin zuten txangoa iragan martxoaren 16an Txarlazo Mendi Taldeko kideek iragan larunbatean. Amurrioko Mendiko Lagunak Taldeko, Club Deportivo Bilbaoko eta Grupo Alpino Gallarragako mendizaleak ere batu ziren hitzordura. Ibilian zein ostean egin zuten bazkarian omendu zituzten Angel Sopeña eta euskal mendizaletasunaren aitzindari izandakoak.

Sopeñaren balentria euskal mendizaletasunaren historiari buruzko Mendian Gora erakusketan bildu du EMMOA fundazioak. Amurrioko La Casonan dago ikusgai erakusketa, Euskal Mendizale Federazioaren 100. urteurrenarekin bat eginez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide