ERREPORTAJEA

Urduñar mendizaleen lekukoa hamarkadaz hamarkada aurrera

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mai. 2a, 07:00

Txarlazo Mendi Taldearen sorrera jasotzen duen akta. / Aiaraldea.eus

1964ko abenduan sortu zuten Txarlazo Mendi Taldea. Aurten 60 urte beteko ditu klubak eta Otxomaio jaietako pregoia irakurtzeko ohorea izango dute bertako kideek. Aipamen berezia egin nahi diete gaur egun bizirik jarraitzen duten taldeko hiru sortzaileei: Tetxu Guaresti, Txutxin Guaresti eta Sabino Pinedo.

Txarlazo Mendi Taldeak izango du Otxomaioetako lehen suziria jaurtitzeko ardura. Klubaren sorreratik 60 urte betetzen dira aurten, eta herritarrek jaietako pregoilari izateko hautatu dituzte hiriko mendizaleak.

“Udaltexeko balkoira ateratzea egundoko ohorea da edozein urduñarrentzat —adierazi du Juan Angel Velez Txarlazoko kideak—. Ez dugu aparteko ezer prestatu, programan sartu dugun testua irakurriko dugu ozen. Baina bereziki omenaldia egin nahi diegu 1964. urtean taldea sortu zuten eta gaur egun oraindik bizirik dauden hiru kideei: Sabino Pinedo, eta Txetxu eta Txutxin Guaresti”.

Otxomaioetan presente

Duela hamar urte ere udaletxeko balkoian izan ziren Txarlazo Mendi Taldekoak, orduko hartan taldearen mende erdia ospatzen. Eskarmentua badute, beraz, Otxomaio festei hasiera emateko protokoloari dagokionez, baina udaletxeko balkoikoa ez da festetan antolatzen duten ekintza bakarra.

Urtero urtero mendi irteera bat antolatu izan dute, herriko haurrak mendira hurbiltzeko asmoz. Aurten maiatzaren 19an egingo dute irteera hori, Udaberria Mendian programazioaren barruan. Duela urte batzuk, gainera, txosna ere jarri zuten, boulderraren eraikuntza finantzatzeko asmoarekin.

Mendizaleen lekukoa

Txarlazo Mendi Taldea 1964an sortu bazuten ere, Velezek oso argi dauka mendizaletasuna askoz lehenago errotu zela Urduñan. 1923an eratu zen Club Deportivo Orduñesek txirrindularitza eta alpinismo atalak zituen, eta jarduera oso bizia zen. “Baziren Fraileburu eskalatu zuten tokiko mendizale asko, Sebastian Diaz de Lezana esaterako. Taldeko kide zen Enrike Uriarte delako batek Mont Blanc igo zuen 1926an”, azaldu du Velezek.

Taldearen ondarea ez da soilik izaera mendizalean islatuta geratu; hain zuzen ere, Club Deportivo Orduñako kideak izan ziren 1927an Txolopeko aterpea eraikitzeko eskaera luzatu eta gauzatu zutenak, edota inguruko tontorretan lehenengo postontziak jarri zituztenak.

Guda Zibilak eta erregimen frankistak, ordea, guztiz geratu zuten 1920 eta 1930eko hamarkadetako Urduñako kirol jarduera bizia. 

1960eko hamarkadak haize berria ekarri zuen, Scout taldeetan biltzen ziren gazteak, garaiko apaiz aurrerakoi eta ezkertiarrek hauspotuta, mendi-irteerak eta kirol ekintzak antolatzeari ekin zioten. Horrelako giro batean bildu ziren Otxomaioetako txupinazoan protagonista izango diren Guaresti anaiak eta Sabino Pinedo. Hiriko beste zenbait gazterekin eta Nemesio Bello Portu apaizarekin batera Txarlazo Mendi Taldea sortu zuten; Grupo de Montaña Charlazo, ch-rekin, hastapenetako urte haietan.

Jarduera bizia mantendu du klubak bere sorreratik, eta gaur egun ere grin berdinari eusten diote. Gaur gaurkoz 539 bazkide daude klubean, eta azken urteetan emakumeen parte hartzea nabarmen handitu dela azpimarratu du Velezek. 

Bazkideen artean federatu kopuru altuari ere erreparatu dio klubeko kideak; izan ere Txarlazo Mendi Taldearen bitartez Euskal Mendizale Federaziora batzen diren mendizale kopurua esanguratsua da.

“Omenaldia egin nahi diegu 1964. urtean taldea sortu zuten eta gaur egun oraindik bizirik dauden hiru kideei: Sabino Pinedori, eta Txetxu eta Txutxin Guarestiri”

60. urteurrena

Efemeridea ospatzeko ekintzaz beteko dute Urduña Txarlazo Mendi Taldeko kideek. Udazkenean bilduko dituzte ekimen gehienak: hitzaldiak, erakusketak, argitalpenak… Mendi irteera berezia ere prestatuko dute urteurrenaren testuinguruan, eta hiriko tabernetako telebistetan proiektatzeko argazki zaharrez beteriko USB memoriak banatuko dituzte.

Urtero bezala Mendi Astea antolatuko dute aurten ere, eta izerditako berezia aterako dute klubaren logoarekin.

Etorkizunera begira ere jarri dira, eta sorrerako asmo berdinekin jarraitu nahi dute aurrera, mendizaletasuna lau-haizetara hedatzea. Mendizale gazteak erakartzen jarraitu nahi dute ere, baita duela gutxi ekin dioten azken egitasmoari segida ematen ere: Gorobeleko borda eta aterpeak zaharberritzeari. Eta, nola ez, Euskal Herriko mendiak igotzen jarraitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide