'Hiria lokatzetan' zuzeneko podcast grabaketarako sarrera bikoitza

'Hiria lokatzetan' zuzeneko podcast grabaketarako sarrera bikoitza

Miren Amurizak, Miren Narbaizak, Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek, Lizar Begoñak eta Lorea Agirrek Guggenheim Museoan grabatuko dute zuzenean lehenengo aldiz Lokatza saioa martxoaren 10ean 12:30ean.

Hiria eta landa, landa eta porlana, porlana eta arbolak, arbolak eta irlak, irlak eta kaleak, kaleak eta jendeak, jendeak eta erdi jendeak, erdi jendeak eta kontrola, kontrola eta turistak, turistak eta paisaiak, paisaiak eta hizkuntzak, hizkuntza eta hiria, hiria eta euskaldunak, euskaldunak eta euskal hiria, hiria eta bere lokatzak.

Hiria lokatzetan jarriko dute Lokatza podcastaren egileek, lehen aldiz zuzenean eta jendearen aurrean. Hiria zeren gainen eta zeinen bizkar eraikitzen den pentsatzeko proposamen hausnartzaile eta sormenezkoa izango da. Narratzaile batek harilkatuko duen narrazioak, Ainara Lasaren irudi iradokorrek eta Miren Narbaizak propio sortuko duen soinu paisaiak hiriaren barne mundura eramango gaitu. Tartean izango dira poemak eta bertsoak eta lekukoak.

Lokatza podcastak, euskara eta feminismoa gurutzatzen diren lur-muga horretan oinarri hartuta, kontatu nahi du egungo mundua; lokatzetan jarri, hau da, barreneko korapiloak argira atera. Eta horregatik sintonia Lourdes Iriondoren ‘Hala ere’ kantuaren bertsio berritu bat da, “nabilelako nago hain zikin” kantatzen duena. Gogoeta eta sormena, biak uztartzen ditu, narratiba berrien bideak esploratzeko bokazioz eta horregatik Espainiako Ondas sari bat eskuratu zuen 2022an.

Saridunak: Gartzen Garaio

Zozketan parte hartzeko epea bukatu da.