Zorrozako lan heriotza

Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunek onartu egin dute Bassirou Dioneren gorpua mugitu zutela, lan heriotza ezkutatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mai. 8a, 21:00

Arabako Justizia Epaitegian elkartu dira gaur akusatuak eta akusazioa. / Aiaraldea.eus

Gaur eseri dira epailearen aurrean Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunak, 2020an gertatutako lan heriotzaren harira. Epaileak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordaina ordaintzea ezarri die bi akusatuei.

Gaur eseri dira epaile aurrean Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunak, lau urte baino gehiago igaro direnean 2020ko otsailean Bassirou Dione langileak bizia galdu zuenetik. Gertatutakoa argitzea helburu zuen epaiketak, eta fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta defentsaren arteko akordioarekin bukatu da: akusatuek delituak onartu dituzte eta urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dute, Dioneren senideei 30.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko aginduarekin batera.

Sententziak frogatutzat jotzen du Zorroza Gestión de Residuoseko arduradunek ez zizkiotela Dioneri beharrezko segurtasun neurriak eman, eta horrek eragin zuela bere heriotza

Gorpua mugitu zutela onartuta

Epaiketaren beharrik gabe onartu dute bi akusatuek Bassirou Dioneren gorpua mugitu zutela zortzi metroko altueratik amildu ostean, gertatutakoa estaltzeko asmoz. Epaileak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri die bi akusatuei langileen segurtasunaren aurkako delitu batengatik, eta urtebeteko espetxe zigorra zuhurtziagabekeria larriko giza hilketagatik. Gauzak horrela, ez dira espetxean sartuko ugazaba eta arduraduna. Halaber, akordioan jasotakoaren arabera, 30.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diote Bassirou Dioneren familiari.

Sententziak frogatutzat jotzen du Zorroza Gestión de Residuoseko arduradunek ez zizkiotela Dioneri beharrezko segurtasun neurriak eman, eta horrek eragin zuela bere heriotza. 

Aurrekariak

Bassirou Dione 24 urteko gaztea 2020ko otsailaren 24an zendu zen Murgako industriagunean kokatutako Zorroza Gestión de Residuos enpresan, zortzi metroko altueratik amilduta.

Hasieratik argi-ilunez inguratutako heriotza izan zen jatorri senegaldarreko beharginarena. Hondakinen kudeaketaz arduratzen zen enpresa lan-baldintza eta tratu txarrengatik ezaguna zen, eta gertatutakoak berehala piztu zituen susmoak eskualdean.

Otsailaren 24an, astelehena, 17:30ean jaso zuten abisua larrialdi-zerbitzuek, baina enpresa inguruan zeuden lekukoek ez zuten aparteko mugimendurik ikusi une horretan. Bai, ordea, astelehenetik astearterako gauean: istripua gertatu ostean Zorroza Gestión de Residuos pabiloiko zaborra ateratzen aritu ziren langileak bertako kamioiak baliatuta, eta otsailaren 25ean Ertzaintza eta Osalan agertu zirenerako ingurua guztiz garbi aurkitu zuten.

Osalanen txostena

Foku guztiak zaborren kudeaketa enpresaren gainean zeudela, Osalanek txostena plazaratu zuen, enpresako arduradunek larrialdi-zerbitzuei emandako hasierako bertsioa gezurtatuz.

Bassirou Dione 8,7 metroko altueratik amildu zen. Dionek astebete zeraman lanean Zorroza Gestión de Residuos enpresan, eta eskuko eskailera batera igota teilatuko hainbat elementu konpontzen zebilen beste bi lankiderekin batera, beharrezko segurtasun neurririk eta formakuntzarik gabe.

Osalanek datu argigarri gehiago plazaratu zituen txostenean, eta iradoki zuen hainbat elementu aldatu zituztela istripua gertatu zen tokian, ezbeharra jaso ostean.

Lau urtez luzatu den epaiketa

“Pandemiak eta Amurrioko Epaitegiko funtzionamenduak luzatu du prozesu guztia”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari akusazio partikularraren abokatu den Andoni Hernandezek. Gaur, maiatzak 8, Dioneren heriotzatik lau urtera, Gasteizko Justizia jauregian elkartu dira alde guztiak, gertatutakoa behingoz argitzeko asmoz.

Akusatuen aulkian Zorroza Gestión de Residuos enpresako ugazaba eta arduraduna eseri dira. Beste bost lagun zeuden deituta epailearen aurrean deklaratzera: Osalaneko bi teknikari, Zorroza Gestión de Residuos enpresako bi langile, eta ertzain bat. Epaiketara sartu aurretik, ordea, akordioa erdietsi dute alde guztiek.

Hernandezek berak akordiaren aukeraren inguruan ohartarazi du komunikabidea, epaitegiko atarian: “Azken egunetan hurbilketa egon da akusatuen aldetik, egozten zitzaizkien delituen aurrean aringarriak bilatzeko helburuarekin”.

Bai arestian aipatutako Osalanen txostenak, baita deklaratzera deitutako langilearen testigantzek ere, "zalantzarako tarte gutxi" uzten zutela adierazi du Hernandez abokatuak. Gauzak horrela, akusatuek nekez ekidin zitzaketen fiskaltzak eta akusazio partikularrak haien kontra adierazitako langileen segurtasunaren aurkako eta zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delituak.

Kapitulua itxita

Gaurko akordioak itxiera eman dio duela lau urte abiatutako prozesu judizialari; eta argitu egin dira, nolabait, Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunek Bassirou Dioneren heriotzaren gainean zuten erantzukizuna. Ordea, badira oraindik erantzuna behar duten galderak; hala nola, zeintzuk ziren ezbeharra jaso zen unean zaborren kudeaketa enpresan lanean ari ziren jatorri senegaldarreko beharginen lan baldintzak.

Murgako enpresaren praktikak ere argi-ilunez inguratuta jarraitzen du. Izan ere, azken urteetan ugariak izan dira enpresaren kudeaketa eta azpiegitura zalantzan jarri duten txosten eta azterketak. 120.000 euroko isunak jaso ditu enpresak irregulartasun horiek medio. Soka luzea dakarte oraindik Zorroza Gestión de Residuos enpresako kontuek, kapitulu berrietan argitu beharrekoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide