Euskalgintza eta feminismoa: bateratzetik, boteretzera

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mai. 8a, 08:47

Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre, Laudion eskainitako hitzaldian / Jon Catalan

“Uztartu daitezkeen bi aldarri dira euskalgintza eta feminismoa”. Nola, ordea? Oztopo eta aukerak izan zituzten hizpide Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek Laudioko gaztetxean eskainitako hitzaldian, Jardunaldi Antikapitalisten barruan. 

Euren esperientzia eta bizipenetatik plazaratu zituzten zenbait gako nagusi adituek, "nahiz eta diskurtsoa oraindik eraikitzen egon". Aretoa ilun, baina gauzak argi:“Jalgi hadi plazara zioen Bernart Etxeparek. 500 urte eta gero, hemen gaude, berdina esaten”.

 “Hizkuntzak ere baldintzatzen ditu botere harremanak”, baieztatu zuen Lorea Agirrek. Horregatik dio hizkuntza ez dela komunikazio tresna soila, borroka eremu baizik. Angela Davisen biografiako pasartea jarri zuen adibidetzat: “Hizkuntzak, azala belztu edo zuritzen dizu, bazterrean edo erdian jartzen zaitu”. Gogoetarako galderekin jarraitu zuen: “Zein hizkuntzetan belzten zaigu azala? eta guk, nori eta zein hizkuntzatan belzten diogu azala?”. Erantzunetan etengabe ageri dira generoa, klasea eta arraza. “Bide batzuk irekiak eta ukatuak ditugu”.

 “Pertsonala politikoa da, gure praktikan mamitzen da” esanez sakondu zuen gaian Idurre Eskisabelek. Ondoriora iristeko hiru ardatz luzatu zizkien entzuleei: “Noiz ohartu zinen euskaldun zinela? Eta emakume edo ez-gizon zinela, ikuspegi klasizistatik?”. Hala, maskulinitatearen eta feminitatearen atzean gordetzen diren ezaugarriez mintzatu ziren, gaur arte jendartean barneratu diren balioez. Horrela azaldu zuten zapalkuntza hirukoitza; alegia, klaseari, nazioari eta sexu edo generoari dagokiona. Baita horiei aurre nola egin ere. Izan ere, adituen iritziz, menperatua dagoenak soilik aska lezake bere burua.

 70eko hamarkadan sortu zen Ipar Euskal Herrian “Euskal emakumeak bere askatasunaren alde” mugimendua. Angela Davisek gehitu zion emakume izateagatik bizi dugun zapalkuntzari arrazaren aldagaia: “Ondorioz, feminismoak zurien kontua izateari utzi dio. Arraza diogunean, kolektibitatearen ezaugarrien araberako zapalkuntzaz ari gara, nazioari lotua. Euskal Herrian -gaur eta hemen- hizkuntza zapalkuntzarako gune pribilegiatua bada, aurre egitekoa ere bai”, azpimarratu zuen Eskisabelek.

“Nazio andrea”
Nazio andre bat gara, izateko beti baimen eske. Maialen Lujanbioren hitzak dira. Eremu ezberdinetara ekarrita azaleratzen dute boterea. Hariari tiraka jarraitu zuen Agirrek askatzen korapiloa: “Zer esan nahi dute hitzek? Hitzen atzean beti dago boterea: linguistikoa, soziala... Beraz, hitzak eta hizkuntzak botere edo borroka eremu dira”.

Boterearen piramidean norberari ezarritako kokapenaren arabera aitortzen da garrantzia, haren iritziz: “Ez da berdina gauza bera esatea emakumeak edo gizonak. Eta diotena ezberdina bada, are. Hizkuntzarekin ere egin liteke ariketa berbera: hizketan dagoena emakumea bada, hizkuntza gutxituan ari bada, eta botere eremuan behean badago, zer gertatzen da esaten duenarekin? Denok berdinak gara diote; baina ez da egia, hizkuntza, botere posizioa... ez dira berdinak”.

Orainari erreparatuta, aldaketak eman direla garbi du Eskisabelek: “Bi emakume ari gara hitzaldia ematen, Alemaniako presidentea emakumea da, etxetik kanpo lan egiten dugu... Baina bikote heterosexualetan andreek eskatzen dituzte haurren zaintzarako baimen gehienak; zergatik, afizio bereziagatik? Erabat naturalizatua dago emakume biologikoa”.

Euskararekin ere gertatzen dela hori pentsatzen du; “oraindik galdetzen digute ea mediku ona ala euskalduna nahi dugun, biak uztargarriak direnean...”. Bat dator Agirre Eskisabelekin euskarari kapital sinbolikoa eman behar zaiola esatean: “Naturalizazioa indarkeria sinbolikoa da, sutila, baina sinisten duzuna”.

Jabetzea, ahalmentzea, boteretzea
Feminismoen arabera, objektu beharrean subjektu izateko hiru urrats eman behar dira: jabetzea, ahalmentzea eta boteretzea. Euskalgintzari mesede egingo lioke planteamendu horrek, Agirreren hitzetan. “Jabetzearen atzean beti dago mina: emozionala, fisikoa... Izan zurea, edo aldamenekoarena”. Finean, jabetzea da norberaren edo ondokoaren minaz ohartzea: “Non edo noiz sortzen da min hori? Zerk erreproduzitu edo indartzen du?”.

Ildo beretik, hausnartzea eta errora jotzea litzake ahalmentzea; eta, boteretzea, indibidualki, kolektiboetan eta egituretan egoerari buelta ematea. “Gizartea botere harreman injustuen sarea da. Goazen proposamen osoa eta integratzailea osatzera; ez emakumeena bakarrik”.

Euskalgintzaren erronkak
“Zertan ari gara euskalgintzan, jabetzen ala ahalmentzen? Posible al da boteretzea?”. Gizarte harreman berriak saretzea euskaratik edo euskaraz harago joatea, hori da Eskisabelentzat aldea. Zentzu horretan, feminismoak eta euskalgintzak badute zer eman elkarri. “Autoeraketa” prozesuetara egokitzen jakitea da euskalgintzak feminismotik ikasi beharrekoetako bat, Eskisabelen aburuz. “Duela 50 urte bezala jarraitzen dugu; eta, egun, indibiduoa indibiduoagoa da”.

Martxoaren 8a du horren adierazle, Udal guztiek lehen lerrora ekartzen baitute afera: “Guztion arazoa da berdintasunarena, jendarte auzia da. Euskalgintzak bide hori du egiteko, pribilegioen auziari heldu behar zaio”. Diskurtso hegemonikoan euskaldunak dira pribilegiatuak, “eta besteei kalte egiten diegunak”. Horregatik dio hizkuntz gatazkari heldu behar zaiola: “Horrek ez du esan nahi mutur-joka ibiliko garenik. Nagusiaren etxea ezin da haren lanabesekin konpondu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide