LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

EAJk lortu du eskualdean legebiltzarrerako bozen % 43.28, eta EH Bilduk %32.80

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 12a, 22:52

Jeltzaleak izan dira nagusi Legebiltzarrerako hauteskundeetan Aiaraldean. / Aiaraldea.eus

Legebiltzarrerako ordezkariak hautatu dituzte aiaraldearrek. EAJ izan da eskualdean garaile, baina VOX eta EH Bildu ez beste alderdi guztiek behera egin dute. 

Legebiltzarraren eraketa erabakitzeko hauteskundeak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aiaraldean EAJ izan da lehen indarra, bozken %43.38 eskuratuta. Alabaina, 2016an baino 865 boto gutxiago eskuratu dituzte jeltzaleek oraingoan.

EH Bilduk bigarren postua mantendu du, baina 2016an baino indartsuago aterata. Izan ere, 576 boza gehiago jaso dituzte oraingoan; eta eskualdeko partaideen %32.80 ordezkatuta hobetu dute emaitza.

Hirugarren alderdi babestuena PSE-EE izan da, %9.64 metatuta. Sozialistek 2016ko marka eutsi dute; 52 lagunen babesa galdu badute ere. 

Elkarrekin Ahal Duguk jaso du kolperik handiena, %6.38k hautatu arren. Izan ere, aiaraldearren %14.20 ordezkatzera heldu ziren 2016an. Guztira, beherakada 1.903 botokoa izan da bailaran.

PPk, berriz, beheranzko joera finkatu du: 1.903 boto izan zituzten aurreko hauteskundeetan, eta oraingoan 857. Orotara, ordea, eskualdeko botoen %4.46 jaso du PP eta Ciudadanosen koalizioak.

Voxen gorakada ere azpimarratu beharra dago, 2016an 83 boto jaso zituzten Aiaraldean eta 2020an 353 eskuratu dituzte (%1.04).

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide