Ezohiko hauteskundeak izango dira uztailaren 12koak. Koronabirusaren krisiak hainbat aldaketa eragingo ditu bozkalekuen kokalekuan eta baliatuko diren prozeduretan. Ibilbide bereziak atonduko dira eskoletan, herritarrak elkarren artean gurutzatu ez daitezen. Derrigorrezkoa izango da maskara uneoro eramatea, botoa hautetsontzian sartzerako unean salbu. Une horretan bozkatzaileak maskara kendu beharko du NANean agertzen den pertsona bera dela ziurtatzeko. NANa erakutsi beharko da soilik, ez du hauteskunde mahaietako inork hartuko, eta hautesleak berak sartuko du botoa hautestontzian.
Laudio eta Aiara
Laudioko Udalak hainbat argibide eman ditu egun horri begira. Etxeetara bidalitako Errolda Txartelak berrikustea gomendatu du tokiko erakundeak, bertan azalduko baita non eman behar den botoa.
I.E.S. Laudio BHI institutuko egoera bereziki konplexua izango da, 13 hauteskunde mahai daudelako guztira bertan. Horregatik, ohikoan baino espazio gehiago baliatuko dituzte, gimnasioa barne. Gauzak hala,bozkatzera joan baino lehen errolda txartela konprobatzea gomendatu du udalak.
Aiaran ere hainbat aldaketa egongo dira. Luiaondon bi mahai egongo dira, bi gunetan, orain arte bezala. Arespalditzan, aldiz, emakumeen gelara mugituko dute mahaietako bat. Bestea ohiko tokian egongo da: udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Erreteseko mahaia, aldiz, Llantenoko Arte Eskolara mugituko dute, modu horretan segurtasun neurri guztiak betetzeko.
Amurrio
Amurrioko Udalak hainbat segurtasun neurri ezarriko direla jakinarazi du. Gel hidroalkoholikoa egongo da eskolaren sarrera eta irteeran eta ibilbidea ezarriko dute bozkatzera sartu eta irteteko, jendea gurutzatu ez dadin. Kartel informatiboak ere jarriko dituzte, eta aforoa uneoro kontrolatuko dute. Horrez gain, hainbat garbiketa lan egitea aurreikusi dute, eskolak ireki baino lehen, irekita dauden bitartean eta itxi ostean.
Urduña
Bost mahai egongo dira Urduñan. Horietako 3 eskolan egongo dira, eta Alondegian beste biak, aurreko hauteskundeetan bezala. Eskolakoak gimnasioan jarriko dira espazio gehiago egoteko, eta Alondegiko bi mahaiak ere banatuta egongo dira: bat Areto Nagusian egongo da eta bigarrena, aldiz, 2. solairuan.
Artziniega
Artziniegan udaletxeko sarreran egon ohi dira mahaiak. Oraingoan, aldiz, frontoira mugituko dituzte, espazio zabalagoa izateko. Bi ibilbide osatu dituzte, mahai bakoitzak sarrera eta irteera berezituak izan ditzan eta,modu horretan, jendea elkartu ez dadin.
Arrankudiaga eta Zollo
Arrankudiaga-Zollon mahai bakarra egongo da, ohiko tokian: eskolan. Hori bai, beste gela batean jarriko dute, jendea ate batetik sartu eta beste batetik ateratzea ahalbidetzeko.
Okondo
Okondon bi mahai egongo dira, biak ala biak eskolan. Baina ez dira toki berean egongo. Bata jangelan kokatuko dute eta bestea beste gela batean.Modu horretan, sarrera libre utziko dute.
Orozko eta Arakaldo
Orozko eta Arakaldon ez da aldaketarik egongo hauteskundeetako mahaiaren kokalekuari dagokionez. Hori bai, arestian aipatutako segurtasun neurriak ezarriko dituzte.