Aurrez aurre arituko dira Amurrio Club eta CD Laudio, ostiraleko Aiaraldeko derbian

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 4a, 11:07

Amurrio Club 2-3 gailendu zen Ellakurin azaroan jokatutako azken derbian. / Chris Gomez

Sailkapen orokorrean berdinduta iritsiko dira Amurrio Club eta CD Laudio biharko derbira, eta lehia estua aurreikusi dute Basarteko futbol zelaian.

Basarteko futbol zelaian neurtuko dira bihar Amurrio Club eta CD Laudio. 19:00etan hasiko da norgehiagoka, zuri-urdinen zelaian, eta lehia estua izango da. Izan ere, bi taldeak berdinduta daude Arabako Gizonezkoen Ohorezko Mailako sailkapen orokorrean, 34 punturekin. 

Azken derbiko arantzak kentzeko gogoz

Joaneko partidako arantza kentzeko asmotan bertaratuko da CD Laudio Basartera. Azaroan jokatutako derbian zuri-gorriek 2-3 galdu zuten Amurrio Cluben aurka. Ellakuriko porrot horrek egoera delikatuan utzi zuen Laudioko taldea, garaipenak lortu ezinik eta sailkapeneko azken postuetatik gertu. Hori dela eta, entrenatzaileak aldatzea erabaki zuen klubeko zuzendaritzak, derbiaren biharamunean.

Gaur gaurkoz, ordea, oso bestelako egoeran aurkitzen dira laudioarrak. Azken zortzi norgehiagoketan ez dute porrota ezagutu; sei partida irabazi eta bi berdindu dituzte. Gainera, hiru gol jaso dituzte soilik, eta, kontrara, 22 sartu.

Amurrio Club ez da hain une goxoan iritsiko derbira, baina azaroko emaitza errepikatzeko ahalegina egingo dute zuri-urdinek. Azken zortzi partidetatik bi irabazi dituzte, hiru galdu eta beste bi berdindu. Aipatzekoa da galdutakoa azken partida sailkapeneko liderra den Aurrera talde gasteiztarraren aurka izan zela.

Gauzak horrela, eta eguraldia lagun, partida bizia aurreikusi dute bi klubek biharko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide