15 urteko espetxe zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak bere bikote ohia modu errepikakorrean eraso zuen gizonezkoarentzat

Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 12:50

Espainiako Auzitegi Gorena, artxibo irudi batean. / Wikipedia

Zaballako espetxean dago gizonezkoa 2020tik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du hamabost urteko zigorra bete beharko duela. Babes programa batean hartu zuten erasoak jasan zituen emakumea.

2022an epaitu zuten Amurrioko 46 urteko bizilagun bat bere bikote ohia modu errepikakorrean erasotzeagatik. Gasteizko Epaitegiak 15 urteko zigorra ezarri zion gizonari bere emazte ohia mehatxatu, bortxatu eta jazartzeagatik, baita urruntze agindua hainbat aldiz urratzeagatik ere. Berez, gizona presondegian sartu zuten 2020an geolokalizazio eskumuturra kendu zuelako. Gogoratu beharra dago akusazioak 27 urteko zigorra eskatu zuela.

Aste honetan Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du zigorra eta erasotzaileak Zaballako espetxean jarraituko du. Vocento taldeak argitaratu duenez, hamabost urte horietatik, hamar eta erdi igaro beharko ditu kartzelan.

Erasoak eta mehatxuak

Epaileek frogatutzat jo dute gizonezkoak emakumea eraso, jazartu eta mehatxatu zuela (baita seme-alabak mehatxatu ere) eta ez dituzte aintzat hartu gizonezkoaren helegiteak, ez dutelako frogarik erabili, emakumezkoak gezurrak esaten zituela aldarrikatzen zutelako soilik.

Emakumea, bere aldetik, babes programa batean hartu zuten eta, Vocentok azaldu duenez, bere familiak arbuiatu du gainera. Tratu txarrak, berez, sei urtez luzatu ziren, bikotea 2014an banandu baitzen eta erasotzaileak ez zuen bere jarrera utzi harik eta espetxeratu zuten arte.

Hori guztia Aiaraldean gertatu zen eta emakumezkoa ez zen ausartu salatzen ez zuelako inor ezagutzen eskualdean.

Epaiketan azaldutakoaren arabera, emakumezkoak hainbat urtez jasan zuen indarkeria matxista, besteak beste, gizonezkoak heriotza mehatxuak egin zituelako euren seme-alaben kontra. Ertzaintzak bikote ohia atxilotu zuenean lapurreta egiteagatik, bere gauzen artean topatu zituen emakumezkoaren eta adingabeen dokumentazioa (ihes egin ez zezaten). Orduan erabaki zuen emakumeak egoera salatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide