Gizonezkoa epaitu zuten atzo Gasteizen bere bikote ohia sistematikoki bortxatzeagatik Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 7a, 13:41

Arabako Epaitegi Probintzialean epaitu dute gizona. / Wikipedia

Emazte ohia modu jarraituan bortxatu ez ezik, euren seme-alaben kontrako heriotza mehatxuak egitea ere leporatu zioten gizonezkoari. Espetxean bi urte eman ditu jadanik akusatuak eta bikote ohia ez da Aiaraldean bizi dagoeneko, lekukoen babeserako programa batean baitago.

Vocento taldeak argitaratu duenez, atzo epaiketa egon zen Gasteizko Arabako Epaitegi Probintzialean gizonezko baten kontra. Akusazioak egotzi zion Aiaraldean bere bikote ohia sistematikoki bortxatzea. Antza, emakume erasotuak berak adierazi zuen 2019ko maiatzetik irailera bitartean astean behin egin zuela, gutxienez. 

Hori guztia gertatu zen nahiz eta biak dibortziatuak egon 2014tik eta gizonezkoak urruntze agindua izan. Hain zuzen, horrek eraman zuen akusatua kartzelara 2020ko ekainean, geolokalizazio eskumuturra hamaika aldiz kendu baitzuen.

Erasotuak salatu zuen 2019ko maiatzetik irailera bitartean astean behin bortatxu zuela gizonezkoak, gutxienez

Emakume erasotuaren arabera, espetxeratu arte, gizonezkoak etengabe hautsi zuen urruntze agindua eta hamaika aldiz erasotu zuen. Jazarpen horren adibide gisa, epaiketan aipatu zuten 2020ko apirilaren 23an 15 ordutan 248 telefono dei egin zizkiola senar ohiak. Gogoratu beharra dago urruntze aginduek telefono deiak ere debekatzen dituztela.

Hori guztia Aiaraldean gertatu omen zen eta emakumezkoa ez zen ausartu salatzen ez zuelako inor ezagutzen eskualdean. Egun, gizonezkoa espetxean dago behin behinean, epaia plazaratu arte. Emakumezkoa, aldiz, kokapen sekretu batean bizi da, lekukoen babeserako programa baten barruan baitago.

Salaketa

Epaiketan azaldutakoaren arabera, emakumezkoak hainbat urtez jasan zuen indarkeria matxista, besteak beste, gizonezkoak heriotza mehatxuak egin zituelako euren seme-alaben kontra. Ordea, Ertzaintzak bikote ohia atxilotu zuenean lapurreta egiteagatik, bere gauzen artean topatu zituzten emakumezkoaren eta adingabeen dokumentazioa -hanka egin ez zezaten-. Orduan erabaki zuen emakumeak egoera salatzea.

27 urteko espetxe zigor eskaera

Sexu eraso jarraitua eta mehatxuak egitea ez ezik, beste zortzi akusazio egon ziren atzo gizonezkoaren kontra eta horiek guztiek 27 urteko espetxe zigorra suposatzen dute. Gainera, 33 urteko urruntze agindua eta 45.000 euroko kalte ordaina ere eskatu zizkioten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide