“Arrankudiaga eta Zollo bezalako herri txikietan errazagoa da adin ezberdinetako emakumeak batzea”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mar. 8a, 07:30

Arrankudiaga eta Zolloko Emakume Sareko kideek udalerriko emakumeen lehen topaketa antolatu zuten otsailaren 25ean, eta aurrera begira jarri dira orain.

Iragan otsailaren 25ean egin zenuten Arrankudiaga eta Zolloko emakumeen lehen topaketa. Zer moduz joan zen?

Ainara Murguia Santin: Balorazioa ona izan da. Jendetza bertaratu da Arrankudiaga-Zollo izateko, eta azken ekitaldira (Mejillón Tigreren ikuskizuna) kanpoko jendea ere gerturatu da, eta herriko are jende gehiago. Orduan ondo, ezta?

Nerea Zarate Aldama: Oso pozik gaude, bai. Balorazioa egin behar dugu oraindik, baina a grosso modo oso pozik gaudela esan daiteke.

Garazi Abrisketa Serrano: Bai. Ez digu oraindik denbora eman gure artean hitz egiteko (elkarrizketa topaketaren egunean bertan egin zen), baina espero genuen erantzuna jaso dugu, eta gehiago. Beti bezala, adin ezberdinetako emakumeak hurbildu zaizkigu, eta hori zen nahi genuena.

N.Z.A.: Anitza ere izan da. Ez gara betikoak izan, ezta ideologia konkretu batekoak ere ez. Hori ere pozgarria izan da, aniztasun hori bilatzen genuelako baita.

Olatz Beldarrain Goti: Nik uste dut bete ditugula egun honi begira genituen helburuetako batzuk. Asmoa bazen proposamen ezberdinak ateratzea urtean zehar lantzeko, eta atera ditugu batzuk. Beste helburuetako bat bazen egun polita pasatzea gure artean eta uste dut hori ere lortu dugula.

“Denok dakigu denon bizitzei buruz eta hori oztopo bat izan daiteke gai zehatz batzuk lantzeko orduan”

G.A.S.: Bai, hori zen helburua. Taldea osatzen genuenok nahi genuen normalean parte hartzen duen jendearen iritzia jasotzea, orain arte egindakoak baloratzeko eta jakiteko zeintzuk diren euren nahi eta beharrak hemendik aurrera, denon artean diseinatzeko urte honetako plangintza. Izan ere,  batzuetan guk pentsatzen dugu gure ikuspegia oso konkretua dela, gure adineko emakumeen begiradatik…

N.Z.A.: Bai, gure errealitatea bakarrik ikusten dugula eta, azkenean, inportantea izan da ikustea besteen errealitateak eta beharrak.

G.A.S.: Ez dugu gure artean hitz egin, baina uste dut denok gaudela sintonia oso antzekoan. Sorpresa izan da ikustea interesak guztion artean konpartitzen ditugula, eta besteek ere badutela guk buruan geneukan hori lantzeko beharra. Beraz, topaketan arratsaldean egin duguna hori izan da: urte osoko plana diseinatzea.

Lehen topaketa izan da hau, baina Arrankudiaga eta Zolloko Emakumeen Sarea ez da orain sortu. Zein urrats eman dituzue orain arte?

G.A.S.: Ariketa hori egin dugu azken asteetan: noiz hasi ginen eta azken urteetan zein ibilbide egin dugun aztertzea. Topaketan bertan erakutsi ditugu 2015etik hona egin ditugun gauza guztiak, argazki zein bideo bidez.

N.Z.A.: Topaketan azaldu dugun bezala, beste mugimendu feminista batetik gentozen (Ugaokoa), baina ikusi genuen herrian bazegoela beharra identitate propioa izango zuen mugimendu bat eratzeko. Hortik sortu zen Arrankudiaga eta Zolloko Emakumeen Sarea. 2015ean apurka-apurka hasi ginen eta orain, atzera begiratzean, ikusten dugu gauza garrantzitsu asko egin ditugula, bidelagun asko izan ditugula… eta topaketa hau baliatu nahi genuen alboan izan ditugun horiei omenaldia egiteko.

G.A.S.: Horregatik nahi genuen eurak oraingoan protagonista izatea eta esatea zertan egon diren eroso, zertan ez hainbeste… baina jendea oso eroso egon da, antza.

N.Z.A.: Beno, gero zabalduko dugu iradokizunen buzoia (barreak).

Urteko plangintza garatzeari ekin diozue. Zein urrats aurreikusten dituzue 2024rako?

O.B.G.: Ez dakigu oso ondo. Proposamen pilo jaso ditugu eta orain buelta bat eman behar diegu ideia horiei guztiei, ordenatu apur bat, lehentasuna eman batzuei… Badugu buruan elkarte ofiziala sortzea.

Maider Gerrikaetxebarria Abrisketa: Martxoaren 8ra begira antolatzen hasi gara orain. Jendearen nahiak jaso ditugu eta orain horiei begira lanean jarriko gara.

N.Z.A.: Argi dugu emakumeak saretzeko bideak jarri behar ditugula. WhatsApp talde bat jarriko dugu martxan Arrankudiaga-Zolloko emakume guztiak informatuta egoteko egiten diren ekintzen inguruan. Horrez gain, egitura bat eratu nahi dugu, erasoen aurrean herri erantzun bat emateko.

A.M.S.: Garrantzia nahiko eman diogu horri eta hurrengo pausoa izango da horri begira jartzea.

G.A.S.: Ikusi da ere eguneratzeko beharra, feminismoaren esparruan non gauden kokatzeko, eta berritzeko gure oinarrizko jakintza hori. Gai ezberdinak atera dira: heriotzari buruzko mahainguru edo hitzaldiak egitea, zaintzaileei buruzkoak, genero disidentziei buruzkoak…

O.B.G.: Elkartzeko guneak sortzea ere, irakurketaren bitartez…

N.Z.A.: Feminismoa eta kultura…

A.M.S.: Elkar-trukaketak… gauza politak!

“Gai ezberdinak atera dira: heriotzari buruzko mahainguru edo hitzaldiak egiteak, zaintzaileei buruzkoak, genero disidentziei buruzkoak…”

 

Adin ezberdinetako emakumeekin aritu zarete. Zer egoerekin egin duzue topo? Ezberdina da Arrankudiaga-Zolloko emakumeen errealitatea udalerri handiagoetan (Laudio edota Ugaon, adibidez) topatu daitekeenarekin alderatuta?

G.A.S.: Hemen, herri txikiagoa izanda, agian errazagoa da adin ezberdinetako jende gehiago batzea, hemen batzen garelako 65 urte dituen emakume bat 11 urteko beste batekin…

N.Z.A.: Era natural batean, gainera.

A.M.S.: Adin-tarte guztietako jendea etorri da egin ditugun ekintzetara. Egin ditugun deialdiak ere oso zabalak izan dira.

O.B.G.: Nik uste dut herri txikia izanda errazagoa dela horrelako espazioak sortzea, eta Ugao edo Laudio bezalako tokietan badagoela beste errealitate bat pertsonen arteko harremanari dagokionez.

N.Z.A.: Behin eta berriz esan dugu topaketan: Arrankudiaga eta Zollo oso herri parte-hartzailea da. Medio gutxirekin jendeak gauza guztietan parte hartzen du, emakumeek batez ere. Zentzu horretan, erraza izan da guretzat.

G.A.S.: Oso modu naturalean ematen da. Azken urteetan ikusi dugu edozein ekintza antolatzeko bileretan emakumeekin egiten dugula topo gehienbat.

N.Z.A.: Hurbiltasun horrek ere badauka buelta gero: denok dakigu denon bizitzei buruz eta hori oztopo bat izan daiteke gai zehatz batzuk lantzeko orduan.

Nola parte hartu daiteke sarean?

A.M.S.: WhatsApp taldea sortu dugu, eta bertan sartzeko nahikoa da gutako norbaiti eskatzearekin. Arrankudiagako jendeak badaki nortzuk garen, hurbilak gara eta gugana etortzearekin nahikoa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide