2017ko udal-aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du Laudioko Udalak. Behin betiko aurrekontuak apirileko plenoan onartzea aurreikusi du udal-gobernuak. Gauzak hala, martxoaren 27ra arte izango dute aukera ekarpenak egiteko gainontzeko udal talde politikoek.
Udal taldeek soilik ez, herritarrek ere izango dute euren ekarpenak egiteko aukera, laudio.eus atariaren bidez edo udaletxera bertaratuta. “Aurrekontu adostu eta parte hartzaile bat egitea da asmoa”, azaldu du Amets Meaza alkateordeak, eta gaineratu du aurten “baldintza onak” ematen direla “aurrekontu on bat” egiteko.
Guztira 22.892.158,54 euroko gastua planteatu du udal gobernu taldeak, iaz baino 280.000 euro gutxiago. Kultura eta kirol elkarteentzako diru-laguntzak bere horretan mantentzea aurreikusten da, “iazko aplikatutako igoerarekin”.
4,6 milioi inbertsioetan
4.613.000 euro bideratuko dira inbertsioetara. Horietatik 380.000 euro erabiliko dira asfaltatze lanak egiteko. Ugarteko errepidea berrituko da eta 100.000 euro gehiago baliatuko dira ur edangarriaren sarea berritzeko.
Beste inbertsio hauek nabarmendu ditu Meazak: 2,08 milioi euro bideratuko dira Nagusien Etxe zaharraren eraberritzerako. 25.000 euro baliatuko dira ume eta nagusien parkeak berritzeko, 50.000 hilerriaren zenbait azpiegitura hobetzeko, 60.000 argiteria sistema batzuk aldatzeko, 297.000 Zubiko Kurajoko obrak egiteko, 150.000 euro Santa Luziako eraikina eraberritzeko, 93.000 San Juan eta Orueta bitarteko landa-bidea asfaltatzeko, 501.000 euro kirol azpiegituretan hobekuntzak egiteko, 61.000 euro hezkuntza zentroetan zenbait obra egiteko eta 510.000 euro Ugarteko plaza berritzeko (horietatik 100.000 iazko aurrekontuetatik hartuta).