SOS Laudioko Lamuza Parkea

Kulturlabek "azken bultzada" eskatu die herritarrei Lamuza Parkeko Plan Bereziaren aldeko sinadurak jasotzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 13a, 07:00
Asteburuan ehunka sinadura jaso dituzte. / Kulturlab

Taldeak bere indar guztiak inbertitu ditu sinadura bilketan eta "arrakastatsutzat" jo dituzte emaitzak. Hala ere, azken ahalegina eskatu die herritarrei plana Arabako Foru Aldundiaren 2023ko aurrekontuetan egon dadin.

Kulturlab taldeak jarduera bizia abiatu zuen pasa den astean, helburu honekin: Arabako Foru Aldundiak Lamuza Parkeko Plan Berezia bere gain hartzea, parte hartzerako aurrekontuen bidez. 600 sinadura behar dira horretarako eta kolektiboa itxaropentsu azaldu da.

Are gehigo, elkarteak uste du sinadura bilketa arrakastatsua izaten ari dela. Asteburuan mahaiak jarri zituzten Laudioko Herriko plazan, Batzalarrin kalean eta supermerkatu baten sarreran eta ehunka babes jaso zituzten. Horri gehitu behar zaio pasa den astean 260 sinadura bidali zirela Gasteizera.

Edonola ere, Kulturlabek eskatu die aiaraldearrei, eta bereziki laudioarrei, sinatzen jarraitzea: "Ez dugu tiraderan geratuko den plan berri bat nahi. Plan dinamikoa nahi dugu, herritarrek eta tokiko politikek babestu eta maite dutena eta Aldundiak bultzatu eta errespetatzen duena. Eta hori lortzeko bide onean gaudela uste dugu. Bide horri ondo ekiteko aukera paregabea dugu aurrean. Gogoratu epea ostiral honetan amaitzen dela, abenduaren 16an, eta, beharrezkoa den gutxienekoa gainditu arren, lor ditzakegun boto guztiek Arabako Foru Aldundiak Lamuza parkeari arreta handiagoa jartzeko balioko dutela. Horregatik, azken deialdia egin nahi dugu ahalegina areagotzeko eta egun hauetan Lamuza parkean kultur gune moderno, parte-hartzaile eta ekologiko bat bultzatzeko Plan berri bat sortzearen aldeko botoak are gehiago handitzeko".

Gainera, taldearen ustez, tokiko alderdiek gai honekiko adierazi duten adostasunak aurrekari gutxi ditu eta seinale ona da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide