Kulturlab ekimenak azaldu duenez, Lamuza Parkerako Plan Berezi berria lortzeko (Arabako Foru Aldundiaren parte hartzerako aurrekontuen barruan) 600 sinadura lortu behar ditu proiektuak abenduaren 16a baino lehen eta laudioarrek seriotasunez hartu dute erronka.
Herritarren erantzuna hain sendoa izan da ezen atzo Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ) kolapsatu zutela euren babesa emateko proiektuari. Berez, 260 sinadura jaso zituen egitasmoak eta Kulturlabek uste du egingarria dela beharrezkoak diren 600 horiek elkartzea.
Atzoko arazoak aintzat harturik, Arabako Foru Aldundiak erabaki du prozedura erraztea eta horrek esan nahi du agiri hau betetzea eta ematea nahikoa dela botoa uzteko. Hain zuzen, Aldundiak ez du eskatuko NANa eskaneatzea, eta horrek esan nahi du herritar bakarrak agiri multzoa lagatzeko aukera izango duela.
Hori dela eta, itxaropentsu agertu da Kulturlab eta laudioar guztiak animatu ditu dokumentua bete eta bozkatzera abenduaren 16 baino lehen. Kolektiboaren ustez, abagune historikoa da anbizioko parte hartzerako prozesua garatzeko eta herriak behar duen parke kulturala eskuratzeko.