Maiatzaren 7ko herri galdeketaren egitarau osoa plazaratu du Gure Esku Dagok

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko api. 26a, 16:13

Zinegotzi ohien agerpena. / aiaraldea.eus

Maiatzaren 5ean ekingo diote kontsultaren beroketari, izan ere, erabakitzeko eskubideaz ariko dira Garbiñe Biurrun eta Laura Mintegi. Solasaldia 19:00etan hasiko da Donibane Aretoan, eta Agurtzane Intxaurraga orozkoarra izango da hitzaldiko moderatzailea.

Maiatzaren 7rako egitarau oparoa prestatu dute. Goizean goizetik, txistulariek girotuko dute herria. 9:00etatik 20:00etara egongo dira boto-mahaiak irekita. Herritar guztiek toki berean bozkatuko dute, hots, Gorbeia kalea, 1ean. 11:00etatik aurrera, berriz, herriko artisau eta ekoizleen azoka egongo da. Umeek ere izango dute zer egina, tailerrak eta jolasak antolatu baitituzte, baita Mateo-meteo ipuin kontalariaren emanaldia ere. 12:00etan, aldiz, musikariek hartuko dute kalea, Kun-kun batukadak eta Karrankan Trakatan taldeek, besteak beste.



Orozkon bezala, Euskal Herriko hamaika txokotan egingo dira herri kontsultak. Hori dela eta, 13:00etan egingo diete inguruko herriei harrera, hau da, galdeketa egin duten eta gauzatzeko asmoa duten udalerrietako ordezkariei.

Dantzatzeko aukera ere eskainiko dute, 13:30ean flashmoba egingo baitute. Eguerdian herri bazkaria izango da nagusi, eta 16:00etan Nafarroa Kantu taldea. Arratsaldean, ostera, “Hilean bariku bat” dinamikaren kontzertua egongo da, Igon Olaguenagarekin batera. 20:30ean egingo dute ekitaldi nagusia, emaitzak ezagutzera emateko.

Bozkatzeko baldintzak
16 urtetik gorakoek bozkatu ahalko dute herri kontsultan. Orozkon erroldaturik egon beharko dira eta jatorrizko dokumentua, eguneratua, eta argazkia zein zenbakia duen agiriaren bitartez probatu beharko dute. Aipatu daturen bat egon ezean, udalean eskuratutako errolda baliatu daiteke.  Gorbeia Kaleko lehen zenbakian bozkatu beharko dute herritar guztiek.

Babes zabala
Bestalde, ekimenari babesa adierazteko ostiralean egin zuten agerraldia Orozkoko udaleko hautetsi oihek. Guztira, 30 lagun inguruk hartu zuten parte ekitaldian, 1979tik hona instituzioetan aritutakoek.

Auzo auzo botoa emateko tramiteak
Orozkoko Gure Esku Dagoko kideek adierazi dutenez, egunotan banatu dute etxez etxe bozka aurreratua nola egin azaltzen duen eskuorria. Hala, apirilaren 29an lau auzotan egongo da botoa tramitatzeko aukera: Ibarran (9:00-12:00), San Martinen (12:15-14:15), Jauregin (16:00-17:00) eta Berazan (17:15-19:00). Biharamunean, apirilaren 30ean, aldiz, Arbaitzan (9:00-11:00), San Juanen (11:00-12:00) Muruetan (12:15-15:00) eta Bengoetxen (16:00-19:00) egongo dira.

Abenduan egin zuten ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Ikusi hemen bideoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide