Adie: "Gure lan egiteko moduagatik duela 8 urte baino hobeto dago Orozko"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 24a, 22:34

Pedro Mari Intxaurraga alkategaiak eta Idoia Camacho zerrendakideak hartu dute hitza ekitaldian. 

Adieren sorrera eta helburuak gogora ekarriz hasi du ekitaldia Pedro Mari Intxaurraga zerrendaburuak: "Adie ez da alderdi politikoa, plataforma independentea da: ezberdin pentsatzen dugu, eta hor dago gure aberastasuna". Euren lan proposamenetik gardentasuna, parte hartzea eta "kudeaketa zintzoa" nabarmendu ditu alkategaiak: "Herri osoak jakin behar du non eta zertan gastatzen den dirua. Egiten dugunagatik ezagutzen gaituzte". Zentzu horretan, duela 8 urte Adie sortu zutenei eskerrak eman dizkie, "lekukoa baino gehiago hartuko dugu, atzoko utopia errealitatea da gaur".

Adie udalean sartu zenean tokiko erakundeak 5,5 milioi euroko zorra zuela azpimarratu du Intxaurragak, eta orain 1.800.000 euorokoa dela nabarmendu du. Osasun zentro berria eta auzoetako inbertsioak ere azpimarratu ditu, eta hurrengo gobernu taldeak 600.000 euroko erremanentea izango duela. Prozesu eta aurrekontu parte hartzaileekin eta auzo bilerekin jarraituko dutela berretsi du alkategaiak, 4 urteetan egindako lana laburtzearekin batera: "Udal brigada berria, UEMAn sartzea, udal ortu ekologikoak abian jartzea...". Horrez gain, aurrera begirako proiektuak aipatu ditu: Gizarte etxean liburutegia kokatzea, irrati digitala eta gaztetxokoa; auzoetara diru gehiago bideratzea, haurren jolasguneak berritzea, familia eta umeentzat laguntza planak... "Udaletxea guztien etxea izatea nahi dugu. Ziur egon: zure eskuetan dago zure etxeko giltzak nori utzi erabakitzea".

Idoia Camachok eskerretan oinarritu du bere hitzartzea: "Mitinen helburua botoa eskatzea da. Ez dago truko edo sekretu baliagarririk: hauteskunde kanpainan hitz egitea erraza da, egitea da zaila". Camachok ere azken bi lege-agintalditako lana goraipatu du: "Orozkon gauzak ez dira beti horrelakoak izan. Lan egiteko gogoarekin dena da posiblea, utopia barne". Hala, eskerrak eman dizkio herriari, "konfiantza emateagatik eta egunerokoan lana babestu eta animatzeagatik". Hain zuzen, desagertzear egon da Adie, aitortu duenez, "baina azken unean jendea batu izanagatik Udala gobernatzeko prest eta indartsu gaude". Ildo beretik, Adieren zerrendara batu diren kideei eskerrak eman dizkie. Eta, azkenik, lege-agintaldi honetan lanean aritu diren alkate eta zinegotziak aipatu ditu: "Gure lan egiteko moduagatik duela 8 urte baino hobeto dago Orozko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide